Etxalarren bestak ez direla izanen eta bandoa argitaratu du Udalak

Ttipi-Ttapa 2020ko abu. 12a, 14:00
Horrelako irudirik ez da izanen aurten Etxalarren.

Ostatuak gauerdirako itxi beharko dutela gogorarazi du

Etxalarrek ere aurten ez ditu herriko bestak ospatuko, Covid-19 pandemiaren ondorioak direla eta. Etxalarko udalak bando bidez, «erabaki zaila eta mingarria izan da, baina zentzudunena», eta hala ulertu dute udal talde politikoek, kultur taldeek eta ekainaren 13an Kultur Etxean gai hau aztertzeko egin zen bilerara joan ziren pertsonek, aho batez babestu baitzuten erabakia.

Etxalarko udalak dioenez, «besten ospakizuna bateraezina da pandemiarekin eta herriak “normaltasun berriaren” arabera jokatu behar du». Horren harira, Nafarroako Gobernuak ezarri du ostatu eta jatetxe guztiak 00:00etan, gauerdian, itxi beharko direla, husteko aldia ordutegi horren barrenean egonez.

Etxalarko udalak gogorarazi du ez dagoela bestarik lehentasuna osasun publiloa delako. Horregatik, ezinbertzekoa da adituen aholkuak eta horri buruz emandako foru aginduak betetzea: jende pilaketak dituzten eremuak saihestea, ez dira hamar pertsonetatik goitiko taldeak onartzen, metro eta erdiko segurtasun tartea gordea, eremu publikoan musukoa nahitaez erabili, eskuak maiz garbitu eta ostatu/denda bakoitzean adierazitako edukiera errespetatu.

Etxalarko udalak dioenez, «erantzukizunaren bandoa da hau, zuhurtziaz eta zentziz jokatzeko eskatzen duen bandoa. Izan gaitezen arduratsuak gure Osasuna eta bertzeena babesteko eta arriskuan ez jartzeko».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun