Larunen harri-pilarik ez egiteko eskatu die Berako Udalak bisitariei

Ttipi-Ttapa 2020ko abu. 4a, 13:00
Harri-pila handiak egin dituzte Larun gainean eta ohitura txar hori bazter uztea eskatu du Berako Udalak.

Bertze aldetik, Larungo trena hartzeko San Inazioko lepora bideratuz ere kartelak paratu dituzte, ibilgailu batzuk Landagaitarako bidea hartzen baitute

‘Mendia zaindu, ez egin harri pilarik’ dioten kartelak (euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez) paratu ditu Berako Udalak Larungo kaxko inguruan. Izan ere, mendizaleek eta bentetako nagusiek abisua emana zuten, inguru horretan turistek egiten dituzten “lanen” berri emanez. Denborapasa, harriak pilatzen dituzte eta gero eta gehiago dira ohitura hori hartu dutenak. Hortaz, Berako udalak bioaniztasuna eta mendia errespetatzeko deia egin du.

Oraingoz ez da horrelakorik gertatu, baina pila batzuk altuera handia hartua dute eta gerta daiteke haizeak botatzea edo inguruan dabilen norbaiten gainean erortzea.

GPSari kasu eginez, Larungo trena hartu nahi eta Landagaitan amaitu

Bertze aldetik, Larungo trena hartzeko Azkaingo San Inazio lepora bideratuz kartelak ere paratu ditu Berako udalak Kauleko bidegurutzean. Izan ere, azken aldian, GPSaren erreferentziei segituz Kauletik Landagaitako bidea hartzen dute hainbat aitok. «Arrisku egoerak ere suertatu dira, bide estua da eta autoren bat traktorearekin atera behar izan dute», Aitor Elexpuru alkateak aipatu digunez.

Hortaz, jakina, Larungo trena hartu nahi duenak Sarara jo behar duela eta Beratik Larunera hurbiltzekotan, oinez, zaldiz edo bizikletaz egin behar dela aipatu dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun