Kaxerna behin betiko ixtea erabaki du Berako Udalak eta etorkizunean bota eginen du

Ttipi-Ttapa 2020ko abu. 4a, 09:00
Kaxernaren zati bat gaztetxe gisara erabili da azken urteetan, baina egoera kaxkarren dago gaur egun.

Zenbait urtez, eraikinaren zati batek gaztetxea hartu du eta rokodromoa ere badu

Pasa den uztailaren 28an, Berako Kaxernako gaztetxeari buruzko bilera irekia izan zen Beralandetan. Bertara hainbat eragile izan ziren deituak, herritarrak, gazteak eta abar, eraikin horri zein irtenbide eman ahal zaion erabakitzeko. Udal ordezkariak ere bertan izan ziren. 2020ko martxoan bukatu da eraikinaren kudeaketarako udalak Beragazte elkartearekin sinatua zuen hitzarmena. Beragazteren proiektuak azken urteetan ez du jarraipenik izan, eta eraikinaren egoera kaxkartzen eta kaltetzen joan da.

Gaur egunean eraikina teknikoki hagitz egoera txarrean dago, eta ez ditu gutxieneko segurtasun neurriak betetzen. Ezinezkoa ikusten da bertan inongo jarduerarik burutzea.  Bileran aipatu zen gaur egun Berako gazte mugimenduak ez duela horrelako egitasmo bat aitzinera eramateko bezalako antolamendu maila edo oinarririk (horrela izanen balitz ere eraikinaren egoerak ez du ahalbidetzen inongo ekimenik). Rokodromoa ere bertatik aterako da, eta espazio berri ezberdinak aztertzen hasiak dira non kokatu ikusteko.

Gauzak honela, udalak eraikina behin betiko ixtea erabaki du, eta hurrengo egunetan gauzatuko du erabaki hori. Etorkizunean eraikina eraitsia izanen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun