1936ko gerran eta ondoko urteetan izan ziren errepresaliatuak gogoratu dituzte Beran

Ttipi-Ttapa 2020ko abu. 3a, 11:00

Aurreskua dantzatu, abestia kantatu eta lore-eskaintza egin zaie Herriko Etxe atarian duten eskulturan

Txupinazorik ez dute bota eta besta ofizialik ez dute ospatuko aurten Beran, baina normalki bestak hasiko liratekeen tenorean, abuztuaren 2an, igande eguerdian, duela bi urte lehen suziria pizteko aukera izan zuten 1936ko gerran eta ondorengo urteetan izan ziren errepresaliatu beratarrei  omenaldi xume bat eskaini zien Berako Udalak.


Lehenik, txalaparta doinuak aditu ziren Herriko Etxeko Plazan, Oskar Goñi eta Amaiur Goñi aita-semeen eskutik. Ondotik, Jon Abrilek hartu zuen hitza. Berak aipatu zuenez, «ez dira bestarako sasoirik onenak. Aspaldi ikusi gabeko egoera da bizi duguna. Baina ez da lehenbiziko aldia gure herria bestarik gabe gelditzen dena. Oraingo egoera latza eta gogorra izanagatik ere, 1936 eta 1939 urteen arteko egoera saminagoa izan zen gure herriko historian. Plaza hau bilgune izaten da herriko bestetan. Baina, gure historiako argazkirik beltzenak ere hemen ateratakoak dira. Argaitzako harrobiko fusilamenduekin batera, plaza honetan samina eta krudeltasuna nagusitu ziren 1936ko abuztuaren 2an. Horregatik, egun seinalatu honetan, bestarako girorik gabe, oroimenera ekarri nahi ditugu Espainiako Gerran fusilatu, errepresaliatu eta biktima izan ziren emakume eta gizon guztiak, askatasunaren alde egindako borroka eskertuz».

 

Beratik kanporatutako familiak

Izan ere, 1936ko abuztuko lehenbiziko egun haietan ez zen giro Beran, Hego Euskal Herriko gainerako lurralde gehienetan bezala. Fernando Mikelarena historiagile beratarrak “Muertes oscuras” bere liburuan plaza honetan gertatutakoak bildu zituen. Abuztuaren 1ean, Ladislao Visier Zubiri Berako  lehenbiziko teniente komandante militarrak agindua eman zuen, biharamunerako, abuztuaren 2ko eguerdiko bietarako, eskapo joandako herritarrak zein militarrak bueltan ez baziren, euren familiak kanporatu eginen zituztela. Mehatxua gauzatu egin zuen, eta Berako hogei bat familia kamioi gainetan kanporatu zituzten, tartean haurrak eta adinekoak zeudela.

Orduko lekukoek eta haien senideek oroitzen dute nola sartu zituzten kamioietan, iparraldera batzuk, baina urrunago ere bertze hainbat, Loira bailarako Saint Gilles Croix de Vieko errefuxiatuen kanpalekura, erraterako.

Abrilek aipatu zuenez, «bada oraindik horiek iraganeko kontuak direla uste duenik, eta ez direla zertan zabaldu behar. Bada ez, herri batek aitzinera egiteko, derrigorrean jakin behar du gibelera begiratzen, zer gertatu zen, zergatik gertatu zen. Herri batek jakin behar du bere akatsetatik ikasten, hobetzeko grina izateko. Askatasunaren alde borrokotzeagatik zigor handiegia pairatu zuten herritar aunitzek, garesti ordaindu zuten. Oraindik ez zaie biktima izaera onartu. Gordeka eta lotsakizunez ibili behar izan dute urtetan. Eskapo joandakoak; espetxeratutako, eraildako eta fusilatutakoen emazteak, anai-arrebak, gurasoak, seme-alabak… luzaroan sufritu behar izan zuten egoera hura. Eurei zor diegu egia argitzea. Gure buruari zor diogu egia jakitea. Eta ezagutzearekin batera, zabaltzea. Atxagak zioen dena atzentzen zaigula. Oroitzeak, memoriak, neke eta lan anitz eskatzen duela, eta horregatik, euskarri batzuk, derrigor behar ditugula, normalena delako atzentzea. Ekitaldi hau bezalako heldulekuak, memoriaren guneak, elkarte memorialistikoak, liburuak, kantuak, dokumentalak, plaza honetako oroigarria… Denak gutti izanen dira urtetako isiltasuna eta honek sortutako mina eta samina estaltzeko. Egia, justizia, aitorpena eta erreparazioa aldarrikatu nahi ditugu gaur ere. Gure herria, gure gizartea libre, aske nahi ditugulako».

 

Aurreskua eta lore-eskaintza

Ondotik, Kattalin Berasain eta Xiker Lizardi dantzariek Aurreskua dantzatu zieten Herriko Etxeko Plazara hurbildutakoei, Asier Osesek txistua jotzen zuen bitartean. Ondotik, lore-eskaintza egin zen Herriko Etxe atarian “gerrako ahantziei” egindako eskulturan. Mikel Iriarte Antxorenak egindako eskultura da eta 2018ko azaroaren 18an inauguratu zen. Azkenik, Ekhiñe Zapiain, Irati Iriarte eta Olaia Iantzik abesti hunkigarria kantatu zuten, gitarra lagun zutela.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun