Gama-Muruzabal-Erro y Eugui taldeko Lucas Guillermok irabazi du Berako XVII. Txirrindularitza Saria

Ttipi-Ttapa 2020ko uzt. 28a, 09:00

Gure Txokoako maillotarekin debuta egin duen Unai Garro beratarra bosgarren izan da

Berako XVII. txirrindularitza saria egin da uztailaren 26an, Gure Txokoak antolatua. Kadete mailako txirrindulariek 44 kilometrotako ibilbidea osatu dute. Irteera hartu duten 40 txirrindularietatik, 28 txirrindularik bukatu dute proba eta, horien artean, Gama-Muruzal-Erro y Eugui taldeko Lucas Guillermo nagusitu da, ordubete, bortz minutu eta 34 segundoko lanaren ondotik.

Bera inguruko zirkuituari hamar itzuli eman dizkiote txirrindulariek. Eguneko ihesaldia proba hasi eta berehala sortu da. Bi lagunek egin dute aitzinera, azkenean irabazlea suertatu den Lucas Guillermo eta Sakana Group-Aralar TT taldeko Aimar Tadeok. Bien artean, tropelaren baimenarekin, lasterketa jokatu da.

Aipatzekoak, bertzeak bertze, COVID19aren ondorioz hartu diren prebentzio-neurriak, proba ikustera hurbildu den jendetza eta Unai Garro txirrindulari beratarraren debuta. Gure Txokoako txirrindulariak estreinaldi bikaina izan du eta helmugan bosgarren izan da.

Gure Tokoa elkarteak eskerrik zintzoenak eman nahi dizkie laguntzaile, babesle eta, batez ere, boluntarioei: «Mundialak zarete, zuek gabe guzti hau ezinezkoa izanen zen, aupa Gure!», dio oharrean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun