"Erantzukizunaren bandoa" argitaratu du Berako udalak aurtengo ez-bestak direla eta

Ttipi-Ttapa 2020ko uzt. 27a, 18:00
Aurten ez da halako irudirik izanen besten egun handian.

Ostatu guztiek 02:00etarako itxi beharko dituzte eta ezin izanen da barrarik paratu kanpoaldean

Aurten Berak ez du herriko bestarik ospatuko, Covid-19 pandemiaren ondorioak direla eta. Honen inguruan, bandoa argitaratu du Aitor Elexpuru alkateak, udalaren izenean. «Erabaki zaila izan da, historikoa, mingarria, baina aukeran dagoen bakarra. Horrela ulertu dute udal talde politikoek, kultur taldeek eta herritarrek, aho batez babestu baitugu erabakia. Guztioi eskerrak eman nahi dizkiegu erakutsi duzuen ulermenagatik eta babesagatik», dio oharrak.

Idatziaren arabera, «besten ospakizuna bateraezina da pandemiarekin». Horregatik, aurtengo bandoak ez dio, «ohikoa den bezala, ostatuen ordutegia handitzen dela, ez zein diren kukañari buruzko xedapenak, ezta migattuen ekitaldiaren baldintzak ere. Aurten ez da bestarik izanen eta herriak ‘normaltasun berrian’ oinarrituta jardun behar da, baita egun seinalatu hauetan ere».

Horren harira, Nafarroako Gobernuak ezarri du ostatu, kafetegi, jatetxe, taberna berezi eta abar guztiak 02:00etan itxi beharko direla, husteko aldia ordutegi horren barrenean egonez. Terrazei dagokionez, hau da Beran uda garaiko ixteko ordutegia: oro har, 00:00etan; ortziraletan, larunbatetan eta besta egun bezperetan, 01:00etan. Gainera, ezin izanen da barrarik paratu ostatuen kanpoaldean.

Bandoak dioenez, «ez dago bestarik lehentasuna osasun publikoa delako. Horregatik ezinbertzekoa da adituen aholkuak eta horri buruz emandako foru-aginduak betetzea». Honela, ez dira onartzen 10 lagun baino gehiagoko taldeak eta jende pilaketak dituzten eremuak saihestu behar dira; metro eta erdiko distantzia gorde behar da; musukoa nahitaez erabili behar da eremu publikoetan, eskuak sarri garbitu behar dira eta edukierak errespetatu.

Bandoak bukaeran aipatzen duenez, «erantzukizunaren bandoa da hau, zuhurtziaz eta zentzuz jokatzeko eskatzen duen bandoa. Izan gaitezen arduratsuak gure osasuna eta bertzeena babesteko eta arriskuan ez jartzeko».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun