Hilabete arraroak izan dira dantza taldekoentzat. Sanferminetako emanaldirik ere ez dute izan: «ohitura genuen txupinazoa ikusi, trago bat hartu eta lasterka bazkaltzera joateko, dena prestatzeko goiz gelditzen baikinen. Aurreko asteko entsegu eta urduritasunen falta ere sumatu dugu».Hasi dira ordea, pixkanaka normaltasunera bueltatzen. Abuztuaren 21eko emanaldirako entseguak egiteko normal elkartzen hasiak dira dagoneko, baina honaino iritsi arteko bidea ere ezohikoa izan dela argitu dute: «hau dena hasi zenean pentsatzen genuen motza izanen zela eta bideo batzuk genituen gure kabuz entseatzeko, baina ez genuen aunitzik egiten». Egoera luzatzen ari zela ikusita irakasleak saioak bideo dei bidez egitea proposatu omen zien «eta astean entsegu bat egiten genuen. Ongi moldatzen ginen, baina bukaeran aurrez-aurreko entseguen falta sumatzen genuen».
Amateur eta profesionalak elkarrekin
Puxkak emanaldia izanen da egindako lanaren emaitza eta saio berezia izanen dela aurreratu dute: «Led Silhouette, Unainuna eta Tantirumairu dantza taldeko helduen taldea elkartuko gara». Ez hori bakarrik, herriko dantzari amateur eta profesionalak elkartuko gara oholtzan». Ohiko estilotik kanpo ariko dira Tantirumairukoak: «euskal dantza eta garaikidearen arteko nahasketa eskainiko dugu».
Denera hamalau dantzari igoko dira oholtzara: «Tantirumairuko hamar eta beste bi emanaldietan bakoitzean bi dantzari». Dena den, azaldu dute ez direla elkarrekin dantzan arituko: «hiru emanaldi desberdin dira, elkarrekiko independienteak eta bakoitzak bere istorioa izanen du. Hortik heldu da ikuskizunaren izena, Puxkak».
Udan momentuz ez omen dute bertze emanaldirik aurreikusten, baina agenda betetzeko ilusioa badute: «agian jendeari gustatu eta bertze nonbaitetik deituko digute».