Herrian eta lagunartean eman zituen lehenbiziko pilotakadak Jon Olaizola Otxotekok (Lesaka, 1996). «Borzpasei urte» bertzerik ez zituela hasi zuen bidea, «lagunen arrimuan hasi nintzen…».
Gustua hartuta, segida eman nahian, «Arkupetik Bortziriak pilota elkartera eta hortik Uhartera» jo zuen. Gaur egun, bertako kide da eta lanarekin tartekatuz, eusten dio txapel andana janzteko bide eman dion zaletasunari.
«Udan, herrietako bestetan jokatzen ditugun partidak bertan behera gelditu dira aurten»
Afizioari tarte eginez
Gustuko denari tarte egiteko «trabarik ez» du izan lesakar gazteak eta urtez urte ikasketekin uztartu ditu entrenamenduak: «ongi antolatu naiz, denerako denbora dago… Ikasten nengoen bitartean astean bitan herrian entrenatzen nuen eta bertze behin Uhartera joaten nintzen, beti hara joateko urrutixko dago eta».
«Lagunekin egoteko eta besta egiteko denbora» kendu arren, «jende aunitz ezagutzeko eta neure kabuz aitzinera egiten ikasteko» modua eman dio pilotak eta bide hori baliatuz, gaur gaurkoz, ahal duen heinean, eusten dio zaletasunari. Herriko bestetan, erraterako, plazaz plaza eta partidaz partida ibili izan da: «astean hiru bat izaten ditugu».
Batzuk azken momentuan ateratzen direnak, eta bertzeak, urterokoak: «Lesakako sanferminetan, Arantzako bestetan eta Aurtizko sanmartinetan, erraterako, maiz jokatu dut». Azken horiek «ikusleak ezagunak» izateak berezi egiten ditu eta «hagitz gustura» joaten da.
Bestetako erakustaldiak eta txapelketak
Aurten, ordea, orain artekoak ez dira posible izan, baina pixkanaka, egoera hobetzearekin batera, antolatuko direlako esperantza du Olaizola III.ak: «Aurtizko partidei buruz ez dakigu deus, eta jokatzeko modua izanen dela uste dut…».
«Nork daki hurrengo urtean nola egonen garen... ea egoerak hobera egin eta pilotari zein zaleak frontoian elkar daitezkeen»
Bestetan ez ezik, txapelketa batzuetan ere segitzen du: «Zizurkoa, adibidez, martxoan hasten da… Nork daki hurrengo urtean nola egonen garen, baina posible bada parte hartuko dut».
Mundu ttikia, ondorio handia
Esku pilotarena «mundu ttikia» izanik, birusak «eragin handia» utzi duelakoan dago lesakarra, eta hori okertu ez dadin, «pilotariak eta zaleak frontoira bueltatzea» beharrezko ikusten du: «ea laster dena bere onera bueltatzen den…».