Seinale berriak paratu dituzte Lesakako bidegurutzetan

Ttipi-Ttapa 2020ko uzt. 23a, 16:00
Oinezkoak interesguneetara bideratzeko seinale berriak ere paratu dituzte Lesakan.

Lesakara errepidez ailegatzen diren ibilgailuak nahiz herrian barna oinez dabiltzanak herriko interesguneetara bideratzeko zenbait seinale paratu dituzte berriki herriko bidegurutzetan.

Erraterako, Tomasenekobordako biribilgunean Harriondoa Kultur Etxera, Mastegi futbol zelaira edo kiroldegira bideratzeko fabrika alderako errepidetik bideratzen dute trafikoa seinaleek. Horrela, herrigunera sartu beharrik gabe, inguru horretan dauden aparkalekuetan utz ditzakete bisitariek beraien ibilgailuak. Oinezkoendako ere, herrian paratu dituzte seinaleak, interesgune horietarako bidea erakutsiz.

Aipatzekoa da uda honetan, Turismo Bulegoa ez ezik Burdinaren Museoa ere zabalik dagoela Harriondoa Kultur Etxean, ordutegi berarekin: asteartetik larunbatera, 10:30etik 14:00etara eta 16:00etatik  18:30era e6a igande eta astelehenetan 10:30etik 14:00etara.

Bertze aldetik, Antoiuko errotaren eta Zabaleta dorrearen parean zeuden hondakin edukiontziak lekuz aldatu ditu Lesakako udalak, Bortzirietako Hiri Hondakinen Mankomunitatearekin elkarlanean. Zerbitzua eta bizikidetza hobetzeko asmoz, eta horrelako eraikin historikoen aitzinean edukiontziak izatea estetikoki ez delakoz sobera egokia hartu dute neurria, baina behin behinekoa dela aipatu dute udaletxetik. Antoiu 23ra eta Tantirumairu ikastola pareko aparkalekura mugitu dituzte oraingoz.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun