Frantzia, Espainia, Portugal, Polonia, Txekiar Errepublika, Grezia, Kanada, Thailandia, Maroko, Kuba, Ghana... Bisitatutako tokien zerrenda luzea du Itziar Mitxelena Gamiok (Arantza, 1991). Udako hilabeteetan egin ditu bidaia horietako aunitz, baina aurten, osasun egoera tarteko, «bertze modu batera» ari da udaz gozatzen, «etxetik hurbilago».
Maite du bidaiatzea, «jende eta bizi estiloak ezagutzea, horrek geure burua eta bizitza aberasteko balio duelako». Gainera, bere ustez, «aldaketa horiekin gure xokoa gehiago baloratzen dugu, anitzetan monotonian erori eta hori atzentzeko joera baitugu». Hala, «bidaiatzea biziberritzea» delakoan dago.
Institutuan zela egin zuen bere lehenbiziko bidaia handia: «Italia eta Parisera joan ginen, eta hagitz eskertua nago horrelako aukera eman zigutelako, bai irakasleek, bai gurasoek». Bere kabuz, berriz, «18 urterekin Alemaniara» joan zela dio: «kuadrillako dezente joan ginen» eta «zoragarria» izan omen zen: «beti oroitzen gara hango kontuez, abenturez… Eta bidaiatzeak horixe du, betirako oroituko ditugun momentuak».
«Bidaiei esker bizitza zoragarria dela ikasi dut, baita jendea ere, orduari guttiago begiratu eta momentua bizi behar dugula»
Geroztik egin dituen harat-honatek ere aunitzerako eman diote, bertzeak bertze, «bizitza zoragarria» dela ikasteko bide eman diote, «baita jendea ere, eta orduari guttiago begiratu eta momentua bizi behar dugula».
Gehiagorako prest
Toki aunitz ezagutu ditu, baina gustura bisitatuko lituzkeenak ere baditu oraindik. Bereziki Afrika du begiz joa: «Senegal, Tanzania, Madagaskar, errate batera, noizbait bertatik bertara ezagutu nahi nituzke, afrikarrengandik badugu-eta zer ikasia». Uda honetan, ordea, «bertze modu batera» gozatzen ari da, «egoera nahiko zalantzatia denez, aurten etxe inguruan ibiliko naiz, sobera urruti joan gabe». Tartean, «Pirinioetan Enaren Bidea» egin duela kontatu digu eta «Arcachon inguruan ere egun batzuk pasatuko ditut lagun bati bisita egin bidenabar». Bertzetik, argi dio: «berriz ere konfinatzekotan, berriz ere Arantza aukeratuko nuke, dudarik gabe!».
«Aurten egoera nahiko zalantzatia denez, etxe inguruan ibiliko naiz, sobera urruti joan gabe»
Agerian utzi du urrutira joan gabe ere ederki moldatzen ari dela, «baratzea zaintzen, mendian, familia giroan, lagunekin, Arantzako terraza ederretan... zoragarri» dabilela baitio, «aspertzeko denbora guttirekin». Are gehiago, «bidaiatzeko bertzelako moduak» badirelakoan dago aranztarra: «horietako bat, liburu bat esku artean izatea!».
Bere gisara bidaiatzea maite dutenei zein gomendio emanen liekeen galdetuta, berriz, honela dio: «norbera gustura sentitzea da gakoa, baina zerbait erratekotan, inprobisazioari tarte handia uzteko erranen nieke, horrek dena edertzen baitu». Horixe da bere gomendioa. Uda honetan, ez du bidaia luzerako aukerarik izanen, baina hori ez da gozamenerako oztopo izaten ari Mitxelenarentzat. Tarte libre horietako batzuk akaso bere afizioei tokia egiteko aprobetxatuko ditu: «liburuak leitzeko, bertsoekin gozatzeko, mendian askatasuna sentitzeko, musika bizitzen, kafe baten inguruan solasaldi amaiezinak egiteko…». Batean zein bertzean, «ahoan euskara eta irria» dituela ikusiko dugu Mitxelena.