COVID-19: Elkarrizketak

«Jendeak aunitz eskertzen du kanpokoa izanik euskara ikasi eta erabiltzea»

Ttipi-Ttapa 2020ko uzt. 23a, 10:00

Euskara ikasteko ahalegina egiteak «merezi duela» uste du Rodàk.

Alba RODÀ CALVO Lesakan bizi den kataluniarra

Figueresen (Katalunia) sortu zen Alba Rodà eta, sorterria utzita, 2018ko abuztuan Lesakara etorri zen: «hemen lagunak nituelako etorri nintzen Lesakara eta lehenbiziko momentutik izugarria iruditu zitzaidan». Hasieran aldi baterako bidaia izanen zela pentsatu arren, gero, «bertan segitzea» erabaki zuen. Herrian «familiako bat bezala» hartu dutenez, ez da hartutako erabakiaz damutu eta «hagitz kontent» dago.

Euskal Herrira etorrita, «bertako hizkuntza eta kultura ikastea edo behintzat saiatzea normala» dela iritzita, hasi zen euskara ikasten eta egun euskaraz bizi da: «normalean, lagunekin euskaraz solas egiten dut eta lanean ere euskara erabiltzen dut». 

Lehenbiziko hitzak «lagunen semeekin jolasten» ikasi zituen: «zenbakiak eta asteko egunak erakutsi zizkidaten». Ondotik, urrian, «oinarria hartzeko eta zerbait ulertzeko» Lazkaoko barnetegira jo zuen: «hilabete bat egitea pentsatu nuen baina aurrerapen handia egin nuenez, abendura arte bertan gelditu nintzen». Gerora, bertze bi hilabete egin zituen barnetegian eta «2019ko urrian hemengo euskaltegian» hastea erabaki zuen: «orain, astean bi egunez Berarako euskaltegira joaten naiz». 

«Euskal Herrira etorrita bertako hizkuntza ikastea edo gutxienez saiatzea normala dela uste dut»

Etxealdian «hasieran Whatsappez  eta gero Jitsi aplikazioaren bidez» segitu du ikasketa prozesua: «ez da gauza bera izan. Klaseak taldean izatea eta klasekoekin zerbait hartzeko gelditzea» gustuko duelako eta hasieran behintzat «gutxiago» erabili duelako: «pixkanaka gehiago solas egiten eta ahozko mezuak bidaltzen saiatu nintzen eta, egia erran, jendartean komunikatzeko ongi moldatzen naiz, idaztea zailagoa egiten zait...».

Hizkuntza «herrian sartzeko» giltza izan dela sentitzen du Lesakan bizi den kataluniarrak. Izan ere, «jendeak kanpotik etorri eta euskara ikasi eta erabiltzea aunitz eskertzen du».  Herrian sartzea, berriz, hizkuntza ikasteko mesedegarri izan zaio: «hasieran, nirekin euskaraz solas egin zezaketen galdetuz gero halaxe egiteko erraten nien eta, batzuetan zaila izan arren, ahaleginak merezi du». Gaur gaurkoz, «herriko jendearekin eta ia-ia denekin» euskara erabiltzen du.

«Herria ia denekin euskara erabiltzen dut»

Rodàk «zorte handia» izan duela sentitzen du: «herrian beti laguntzeko prest daudelako eta galdetzen ditudan zalantzak eta ulertu ez ditudan gauzak argitzeko prest» agertu direlako. «Horren ongi hartu nautelako» esker oneko hitzak ditu guztientzat.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun