Genero indarkeria lantzeko egitarau zabala dute Igantzin egunotan

Ttipi-Ttapa 2020ko uzt. 22a, 08:00
Volar filma ikusiko dute Baratzondik ortziralean 19:00etan.

Uztailaren 24an, zine eta tertulia saioa izanen dituzte eta 25ean, hamabi eta hamazazpi urte arteko gazteei zuzendutako tailerra

Igantziko Udalak Nafarroako Gobernuaren eskutik dirulaguntza jaso du genero indarkeria lantzen duten ekintzak antolatzeko. Horrekin lotuta, bi proposamen egin dituzte uztailaren 24rako eta 25erako.

Uztailaren 24an, ortziralean, 19:00etatik aitzinera Baratzondon elkartuko diraVolar filma ikusteko. Emakunde, Emakumearen Euskal Erakundeak produzitutako filma jatorrizko bertsioan emanen dute, baina azpitituluak euskaraz eta gaztelaniaz jarriko dituzte. Filma ikusi ondotik solasaldia izanen dute, euskaraz.

Uztailaren 25ean, larunbatean, sexismorik gabeko musika eta ikus-entzunezkoak entzuteko eta partekatzeko tailerra eginen dute. Hamabi eta hamazazpi urte arteko gazteei zuzendutako tailerra izanen da eta Baratzondon bilduko dira 19:00etatik 21:00etara. Aitzinetik izena ematea beharrezkoa zen saio honetan parte hartzeko (uztailaren 17an bukatu zen epea).

Bi saioetako dinamizatzailea Miren Orozko Etxeberria gizarte langilea izanen da, generoan aditua eta genero indarkerian espezializatua den emakumea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun