Pettiren kontzertuarekin abiatuko da igandean Lesakako Udako Zikloa

Ttipi-Ttapa 2020ko uzt. 16a, 08:00
Petti abeslari beratarrak irekiko du Lesakako Udako Zikloa, igande arratsaldean Plaza Zaharrean.

Sorginxulo Lesakako kultur bilguneak egitarau zabala antolatu du uztaila, abuztua eta irailerako

Sorginxulo Lesakako kultur bilguneak Lesakako udalaren laguntzarekin antolatuta Udako zikloa abiatuko da uztailaren 19an, igandean 19:30ean Pettik Plaza Zaharrean eskainiko duen kontzertuarekin. ‘Manipulazio estrategiak’ bere azken diskoa aurkeztuko du musikari eta abeslari beratarrak.

Herriko kultura-eragileek osatutako bilgunea da Sorginxulo; orain dela urtebete pasatxotik, hilero elkartzen ari dira, eta lan horren ondorioetako bat da aipatutako kultur zikloa. «Urtarriletik gabiltza udako zikloaren antolakuntzan, eta urtero egitea da gure nahia. Uda-giroan, eguraldia lagun, herriko zenbait xokotan izanen diren sormen-jarduera ugarik osatzen dute zikloa, eta adin guzietako jendearentzat prestatuko ekitaldiak izanen dira. Horiek baitira zikloaren ezaugarri nagusiak: kale giroa eta aniztasuna. Gainera, doakoak izanen dira emanaldi guziak», diote Sorginxulotik.

Ahotsak, antzerkia, musika, dantza, ipuina, bertsoa, erraldoiak, jokoa… denetik aurkituko dugu udan zehar gure herriko plaza, zubi, itturri edo estratetan.

Lehen edizio hau berezia izanen da Covid 19ak eragindako osasun-krisiarengatik. Hala, agintariek ezarritako araudia betetzea da lehentasuna. Ekitaldi bakoitzean, segurtasun-protokolo zehatza izanen da, eta hasi baino lehen azalduko zaie bertaratutakoei.

Osasun-ohar orokorrak:

-Sarreran eskura izanen den gel hidroalkoholikoa erabili beharko da

-Eserlekuak 1,5 metroko distantzian kokatuko dira elkarren artean (elkarrekin bizi diren pertsonak ondoan egon ahal izanen dira)

-Edukiera mugatuko da araudiak agindutakoaren arabera

-Maskara erabiltzea gomendatuko da (beharrezkoa izanen da distantzia soziala betetzen ez bada uneren batean)

-Edozein arrazoirengatik programazioan aldaketaren bat eginez gero, www.lesaka.eus webgunean eta sare sozialetan jakinaraziko da.

Kalea harremanen gunea da, herriari eta herritarrei bizitza ematen diona. Sormenak eta kulturak jendearengan eragiten duten onura, gainera, ezaguna da. Horiek uztartzea da udako zikloaren helburua.

 

Egitarau zabala

Pettiren emanaldiaren ondotik, uztailean, abuztuan eta irailean bertze hainbat ekitaldi antolatu dituzte. Uztailaren 24an, Alkaiagan, Santiago besten seinalea izanen dute. Ortziralean 19:00etan Muxikoak izanen dituzte Jaiki Hadi taldearekin. Uztaileko egitaraua bukatzeko, hilaren 30ean, ortzegunean 22;00etan ‘Matriuska’ antzerkia eskainiko du Kamikaz Kolektiboak Bixkantxeneko plazan

Abuztuaren 7an, ortziralean 18:30ean hasita, haurrentzako Altxorraren Bila kulturala izanen dute Plaza Zaharrean.

Abuztuaren 13an, ortzegunean 19:00etan Eltzeta Plazan, ‘Egur taupadak’ txotxongilo antzerkia emanen du Ttipia Produkzioak taldeak.

Abuztuaren 21ean, ortziralean 19:00etan, ‘Puxkak’ dantza emanaldia eskainiko dute Led Silhouette, Unaiuna eta Tantirumairu Euskal Folklore Taldeak Harriondoa kultur etxeko atarian.

Abuztuaren 23an, igandean 18:30ean Ameli ipuin jostune ipuin kontalaria izanen da Iturbena plazan.

Abuztuaren 28an, ortziralean 20:30ean bertso saioa eskainiko dute Xabier Silveira eta Unai Iturriaga bertsolariek Onin gaineko zubi konkordunean.

Abuztuaren 30ean, igandean 13:00etan Hurih bikoteak kontzertua emanen du Koskila iturrian.

Irailaren 4an, ortziralean 18:00etan Zahar Etxean emanaldia izanen du Txamukos Mariatxi taldeak. Egun berean, Plaza Zaharrean, 20:00etan, ‘Bakean dagoena bakean utzi’ bakarrizketa izanen da Lankuren eskutik.

Irailaren 11n, ortziralea 19:00etan plazatik hasita, kantu saioa eginen du Lesakako abesbatzak.

Irailaren 12an, larunbatean 10:30ean hasita, Lesakako erraldoien eta buruhandien konpartsa karrikaz karrika ibiliko da.

Irailaren 19an, larunbatarekin, zikloaren itxiera ekitaldia eginen dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun