Aurten bertan behera gelditu diren herriko besten ordez, uztailean eta abuztuan kultur programazio zabala prestatuko zuela jakinarazi zuen bere garaian Berako Udalak eta asmo horri ekin dio. Uda Bizia goiburupean, joan den ortziralean zinema aire zabalean izan zuten Herriko Etxeko Plazan. Loreak filma eskaini zuten. Uztailaren 11n, larunbatean, 19:00etan Altzateko plazan kontzertua eskainiko du Amak taldeak.
Lau trikiti, lau pandero eta lau ahots. Lau musikari, lau emakume eta lau ama. Horren batura da Amak taldea. Lau hizkiz osaturik dago taldearen izena ere, taldekide bakoitzaren izenaren lehen hizkiarekin, hain justu: Alaitz Telletxea, Maixa Lizarribar, Amaia Oreja eta Kristina Solano. Plaza aunitzetan ibiliak dira guztiak; musikagintzan eta trikitiarekin. Alaitz Telletxea (Alaitz eta Maider), Maixa Lizarribar (Maixa eta Ixiar), Amaia Oreja (M-n Ezten) eta Kristina Solano (M-n Ezten). Urte luzeetan plazaz plaza eta agertokiz agertoki ibili ondotik, berriz egin dute topo.