ARITZ PETRIRENA

«Bizikleta gainean dudan sentsazioak adikzioa sortzen dit»

Ttipi-Ttapa 2020ko uzt. 9a, 08:00

Aritz PETRIRENA BENGOETXEA, Berako mendiko txirrindularia.

Bizikletarekiko zaletasunak sorterritik urruti eraman du Berako gaztea. Urtebete darama etxetik kanpo eta egun Kanadako Columbia Britaniarrean dago, «mendi bizikletaren paradisua» den tokian.

Anaia zaharraren arrimuan egin zituen bizikleta gaineko lehenbiziko saltoak Aritz Petrirena Bengoetxea 28 urteko beratarrak. Eta bizikletarekiko pasioak hortxe segitu du geroztik. Maldarik handienetan beheiti edo salto ikusgarriak eginez gozatzen du eta hala segitzeko nahiak sorterritik urruti eraman du, Zeelanda Berrira lehenbizi eta Kanadara gero. Handik erantzun dizkio galderak TTIPI-TTAPAri, bere hitzetan, «mendi bizikletaren paradisua» den tokitik. Urtebete darama etxetik kanpo eta Kanadako Columbia Britainiarrean bizi da gaur egun. Chevrolet furgoneta etxe bilakatuta esperientzia ederra izaten ari dela kontatu dio TTIPI-TTAPAri.
 
Zure zaletasun nagusia mendi bizikleta dela erraten ahal dugu, ezta?
Bai, mendi bizikleta eta BMX  modalitatea dira nire afizio nagusiak. Bizikleta gainean sentitzen dudan sentsazioak adikzioa sortzen dit. Konfort delakoa edo erosotasuna alde batera utzi eta mugak probatu eta gainditzeak sortzen didana gustuko dut.

Nondik eta noiztik datorkizu mendi bizikletarako afizioa?
Anaiarengandik datorkit. Anaia zaharragoak egiten duena egin nahi izaten da beti eta horrela hasi zen dena. Mendi bizikletako jaitsieratan ibiltzen zen eta posible genuen guztietan, gurasoak eta ni, lehiaketetara laguntzera joaten ginen. Hagitz kirol garestia denez, Beran bizikletarekin saltoak egiten hasi ginen, Ado anaiek etxeko lorategian horretarako prestatuak zituzten saltoetan. Orduz geroztik bizikleta gainean daramakit bizitza osoa, baina mendi bizikletan orain dela hiru urte hasi nintzen. 

«Bertzelako bizimodua eman dit mendi bizikletak»

Zer eman dizu mendi bizikletak?
Bertzelako bizimodu bat eman dit mendi bizikletak, mundua bertze begi batzuekin ikusteko aukera. Lagunekin une ikaragarriak pasatzeko eta munduan barrena bidaiatu eta jendea ezagutzeko bide ere eman dit. 

Lehiatzea gustuko duzu?
Ez zait mendi bizikletan lehiatzea gustatzen, lehiaketek sortzen duten estresa eta lehiakortasuna ez ditut gustuko. Lagunekin bizikletan ibiltzea da gehien betetzen nauena.

«Mendi bizikletaren paradisua da Kanada»

Orain, Kanada aldean zabiltza. Zergatik Kanada?
Mendi bizikletaren paradisua delako eta horrez gain, hemengo [Kanadako] paraje eta animaliak ikaragarriak iruditzen zaizkidalako. Working Holiday bisa lortu nuen eta horri esker, urte bateko bisa lortu dut eta aldi berean, lan egiteko aukera eskaintzen dit. Urtebete bada Iñigo Ekisoain 27 urteko Inbuluzketako gaztea eta biok etxetik atera ginela.

Zein ibilbide egiten ari zarete?
Hilabete pare batez, Vancouverren lanean aritu ginen diru pixka bat irabazteko eta handik errepidera abiatu ginen. Lehenbiziko, Rocky Mountainera joan ginen eta ezagunak diren laku urdin eta mendi ikaragarriak ikusteko aprobetxatu genuen. Handik AEBra pasatu ginen eta animalia basatiengatik ezaguna den Yellowstone parke nazionalera joan ginen. Animaliak beraien habitatean ikusteko aukera izan genuen. Handik hegoaldera jo genuen, Utah estatura ailegatu arte. Utahko basamortuan barrena, bizikletekin harrapatzen genituen gailurretara igoz ibili ginen gero bizikletarekin malda beheiti jaisteko. Utah alde batera utzi eta mendebaldera jo genuen, Kalifornia aldera. Bidean Las Vegaseko kasinoak eta hotelak ikusteko gelditu ginen eta Kalifornian hain ospetsuak diren tokiak ere bisitatu genituen: Los Angeles, Hollywood, San Frantzisko, Yosemite... Hango egonaldiaren ondotik, iparralderako bidea hartu genuen eta Kanadara ailegatu ginen. Hementxe segitzen dugu. Momentu honetan geldirik gaude, baina Alaska aldera joateko asmoa dugu dena lasaitu eta mugak irekitzen badituzte.

Zer moduzko esperientzia izaten ari da?
Esperientzia bikaina izaten ari da. Kanadako Columbia Britainiarraren txoko guztiak bizikleta gainean ezagutzea ikaragarria da.

Zein da gaur egun zure egunerokoa?
Eguna gosari eder batekin hasten dugu eta ondotik, bizikleta hartu eta mendira joaten gara egun-pasa. Eguraldi ona bada, lakuren batean bukatzen dugu eguna.

Gastuei nola egiten diezu aitzin? 
Momentu honetan ez nago lanean, baina neguan jatetxe batean lanean aritu nintzen eta hor egindako diruari esker egiten diet aitzin gastuei.

Koronabirusaren ondorioz sortu den egoerak egunerokoa aldatu dizu?
Egoera nahiko ongi dago. Irudi duenez, neurriak agudo hartu zituzten eta egia errateko, ez dago kutsatu aunitzik. Baina nire kasuan, egunerokoa zerbait aldatu dit. Koronabirusaren ondorioz, lanean nintzen jatetxea itxi zuten eta etxera bisitan joateko hegazkina bertan behera utzi zidaten.

«Mendi bizikletari dagokionez, erranen nuke Euskal Herrian inoiz ailegatuko ez garen mailan daudela Kanadan. Etxean gordeka ibili behar izaten dugu bizikletan ibiltzeko edo bidexka berriak egiteko»

Mendian bizikletan Euskal Herrian edo Kanadan ibili, aldea handia da? 
Bai, alde handia dago. Erranen nuke inoiz ailegatuko ez garen mailan daudela; hemen [Kanadan] hasi zen egiazko mendi bizikleta. Etxean gordeka ibili behar izaten dugu bizikletan ibiltzeko edo bidexka berriak egiteko. Hemen, ordea, legalki horretarako prestatutako tokiak dituzu ia herri guztietan. 

Zer da handik gehien gustatzen zaizuna? 
Mendi bizikletak duen kultura. Mendira bizikletarekin zoazela, edozein adin eta generotako jendea ikusten da bizikleta gainean disfrutatzen, eta karriketan ere bizikleta aunitz ikusten dira...

Euskal Herrian ba al dago halako tokirik? 
Hemengo nibela duten tokirik ez dago, baina badira legez eginiko bidexkak dituzten herri batzuk.

Furgoneta batean egiten ari zarete bidaia. Zer moduz? 
Negua etxe batean pasatu nuen baina negua pasatu orduko, berriro furgoneta hartu nuen abentura bila abiatzeko. Orain dugun bizimodurako furgoneta etxe bezala izatea bikaina da. Behar dugun guzia  eskura dugu eta nahi dugun tokian egoteko aukera eskaintzen digu.

«Azaro aldera bueltatuko gara etxera»

Berara noiz itzultzeko asmoa duzu?
Bizikletaren denboraldia bukatzean bueltatuko gara etxera, azaro aldera. Bitartean, posible dudan denbora guztia bizikleta gainean pasatu nahiko nuke, eta bide batez, jendea eta tokiak ezagutzen segitu nahiko nuke.

Lehendik halako bidaiarik egina zenuen?
Bai, orain dela hiru bat urte Zeelanda Berrian izan nintzen. Orain Kanadan dudan bezalako furgoneta bat erosi eta herrialde guztia ezagutu nuen Iñigo Blas beratarrarekin batera. Orduan ere bizikleta ondoan ibili ginen.

Horrelako erronka gehiago etorriko ote dira? 
Egia errateko, ez dut uste horrelako erronka handi gehiago etorriko direnik, baina seguru nago bidaia gehiago etorriko direla!

Etorkizunean non ikusten duzu zeure burua?
Etorkizunean sobera ez pentsatzen saiatzen naiz eta oraina ahalik eta gehien disfrutatzen. Baina espero dut etorkizunean ere bizikleta gainean egotea, orain bezala, lagun artean ongi pasatuz. Bide batez, jendeari bidaiatzeko aholkua luzatuko nioke, bidaiatzeak bertzelako ikuspuntuak eta baloreak erakusten dituelako.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun