Bosgarrenez balkoi lehiaketa antolatu du Larun Haizpe elkarteak

Ttipi-Ttapa 2020ko uzt. 8a, 11:00

Gure herria lorez betea lelopean beratarrei balkoiak apaintzeko eta zaintzeko deia eginez, aurten bosgarren edizioa beteko duen balkoi lehiaketa antolatu du Larun Haizpe Berako zerbitzu, merkatari eta ostalarien elkarteak, Berako Udalarekin ekarlanean. Joan den astelehenean hasita uztailaren 29ra bitarte epaimahaiko kideak herrian barna ibiliko dira eta uztailaren 29an jakinaraziko dute zein diren irabazleak.

Larun Haizpeko kideen hitzetan, «herrian hagitz errotuta dagoen ohitura da» balkoiak apaintzearena eta hori «sustatu» nahi dute. «Urtero ikusten dugu nola edertzen diren balkoiak». Ahalegin hori «saritzeko» helburuarekin uztailaren 6tik 29ra balkoien lehiaketa eginen dute.

Bera herria bortz eremutan banatu dute: Altzate; Legia, Kanttonberri eta Eztegara; Bera; Agerra eta baserriak. Elkarteko hiru kidek eta Berako Udaleko bi kidek osatutako epaimahaiko ordezkariak gune horietan ibiliko dira eta uztailaren 29an jakinaraziko dute zein den saritua.

Gune bakoitzeko saritu bat izanen da eta horien artean bi lagunentzako bortz afari elkarteko kide diren jatetxeetan eta Larun Haizpeko kideen produktuez osatutako bortz lote banatuko dituzte. Sariak uztailaren 31n Herriko Etxeko Plazan eginen den ekitaldian banatuko dituzte. «Ekitaldi xumea» izanen dela iragarri dute eta 20:30ean hasiko da.

Larun Haizpek ohar bidez jakinarazi du lehiaketatik kanpo gelditu direla gaur egun elkarteko zuzendaritza batzordea osatzen duten kide hauek: Itziar Fagoaga, Mª Jose Fagoaga, Marian Urra, Josune Urroz eta Mª Jose Ara.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun