Itziar Igurzkiagirre

«Egoera zaurgarrian zeudenak are okerrago utzi ditu egoera honek»

Ttipi-Ttapa 2020ko uzt. 7a, 17:00
Janari bilketa bideratzeko, Berako Udalarekin elkarlanean aritu da Iguzkiagirre.

Itziar IGUZKIAGIRRE URTXEGI Bortzirietako Gizarte Zerbitzuetako langilea.

Osasun krisiaren eraginez, «geroz eta familia gehiagok» jo dute laguntza eskatzera. Alarma egoera aitzinetik banatzen zuten janari kilo kopurua bikoiztu egin da ereiaroan.

Elikagai bankuak ixtearekin batera, janari bilketa abiatu zuten Bortzirietako Gizarte Zerbitzuek, Berako Udalak eta boluntarioek. Egitasmoak «18 familia» laguntzeko modua eman duela kontuan harturik, «erantzun aipagarria» jaso dutela nabarmendu du Itziar Iguzkiagirrek, Gizarte Zerbitzuetako langileak.

Zertan aldatu du koronabirusak Bortzirietako Gizarte Zerbitzuetako martxa? 
Gizarte Zerbitzuak urtetan Iruñeko elikagai bankutik ekarritako janaria banatu die hilabetero hainbat familiari. Martxoko banaketa normaltasunez egin genuen. Alarma egoera ezarri zenean, berriz, elikagai bankua itxi zuten. Geroztik, Gurutze Gorriko boluntarioak eta babes zibila janaria bildu eta banatzeaz arduratu dira. Bortzirietan, Bera eta Lesakako suhiltzaileak izan dira garraio lana egin dutenak. Ohiko elikagai bankuko banaketaz gain, Beran, boluntarioak eta udalak bultzatutako ekimen bat sortu zen eta elikadura beharrak asetzeko osagarri izan dira azkeneko bi hilabete hauetan.

«Gurutze Gorriak 42 haur lagundu ditu janari sorta banatuz»

Konfinamenduan laguntza eskaerak areagotu izanen dira... 
Bai, krisialdiaren eraginez geroz eta familia gehiago hurbildu dira. Egoera zaurgarrian zeuden pertsonak are okerrago utzi ditu osasun larrialdi honek, oinarrizko beharrizanak kaltetzeraino. Hainbat egoera azaleratu zaizkigu: kontraturik gabe lanean aritu direnak, administratiboki egoera erregularizatu gabe dutenak, etab. Babes sistematik at gelditu dira, laguntzak jasotzeko eskubiderik gabe.

Zenbatsu eskaera izaten zenituzten hilean eta zenbat hazi dira eskaerok? 
Alarma egoeraren aitzinetik, bataz bertze, 200-300 kilo janari jaso eta banatzen ziren, 10-12 familien artean. Hilabete honetan, ereiaroan, 700 kilo ekarri zizkiguten eta 34 familien artean banatu dira. Berako ekimenean bildutako jatekoa ez da neurtu baina bi hilabetez, banatzeko adina izan da. 18 familiei banatu zaie ekimen honen bidez. Bertzetik, Hezkuntza Departamentuak, Gurutze Gorriaren bitartez, jangelako bekadunei janari sorta banatu die, 42 ume izan dira onuradunak. Horrez gain, egoera ekonomikoa aldatu zaien adin ttikikoen familiei Eskubide Sozialeko Departamentuak, Gurutze Gorriaren bitartez, diru-txartelak banatu dizkie, oinarrizko beharrei aurre egiteko.

Bilketaz gain, zenbateko aurrekontua izaten duzue urtean zehar beharrean dauden familiak elikagaiz laguntzeko? 
Ez dugu aurrekontu zehatzik elikagaientzat. Orain arte elikagai bankutik jasotakoarekin ase izan dira beharrak. Ikusi behar hemendik aitzinera… Baliteke, bankutik jasotakoa osatu behar izatea. Hala gertatzen bada, bertzelako baliabideak aztertuko dira.

«Herritarren erantzuna aipagarria izan da»

Noiz hasi zenuten janari bilketa bideratzeko Berako Udalarekin hartu-emana? 
Bai Berako Udala  baita Jesusen Bihotza ikastetxea ere Berako hainbat familiaren beharraren jakitun izan zirenean. Boluntario baten ekimenez zenbait dendetan jatekoa biltzeko oharrak jarri ziren. Aldi berean, Berako Udaletik ere ekimen bera bultzatu zuten. Hortaz, maiatzeko hilabetea boluntario horren eskutik gauzatu zen eta ekaineko hilabetea Berako Udalaren eta boluntarioen arteko elkarlanaren bidez. Azken hilabete honetan, Beralandetatik egin da banaketa. Ekimen hau gauzatzeko hainbat eragilerekin sare bat osatu da: dendak, herritarrak, boluntarioak, udal langileak, udal zinegotziak… Bortzirietako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen, Berako Udalaren eta boluntarioen artean protokoloa markatu genuen. Jasotako eskaeren azterketa gizarte zerbitzuen gain gelditu  zen, bertzeak bertze, familien egoera bere osotasunean aztertzeko eta elikagaiez gain bertzelako baliabideak martxan jar zitezkeen baloratu ahal izateko.

Herritarren parte-hartzeaz zer erranen zenuke? 
Herritarren erantzuna aipagarria izan da eta boluntarioen parte-hartzea eskertzekoa. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun