Herriko besten ordez 'Uda Bizia' egitaraua abiatu da Beran

Ttipi-Ttapa 2020ko uzt. 7a, 08:00

Larunbat honetan kontzertua eskainiko du Amak taldeak eta hurrengoan zirkua izanen da Shakti Olaizolaren eskutik

Aurten bertan behera gelditu diren herriko besten ordez, uztailean eta abuztuan kultur programazio zabala prestatuko zuela jakinarazi zuen bere garaian Berako Udalak eta asmo horri ekin dio. Uda Bizia goiburupean, joan den ortziralean zinema aire zabalean izan zuten Herriko Etxeko Plazan. Loreak filma eskaini zuten.

Uztailaren 11n, larunbatean 19:00etan Altzateko plazan kontzertua eskainiko du Amak taldeak; uztailaren 18an, larunbatean 19:00etan, leku berean, Shakti Olaizola zirku konpainiak Baldin bada ikuskizuna eskainiko du; Hezurbeltzak taldeak kontzertua eskainiko du uztailaren 25ean, larunbatean 19;00etan Merkatu Plazan. Uztaileko egitaraua bukatzeko, hilaren 26an, Berako XII. Saria antolatu du Gure Txokoak, kadete mailako txirrindulariei zuzendua. 44 km.ko ibilbidea izanen dute.

Abuztu hasieran, bestarik ez, baina nolabaiteko seinalea izanen da. Honela, abuztuaren 1ean, Erabatera taldeak kontzertua eskainiko du 19:00etan Altzateko plazan. Abuztuaren 2an, Master Kutxabank txapelketako pilota partida jokatuko dute Eztegara pilotalekuan 17:00etan: Urrutikoetxea eta Irribarria, Altuna III.a eta Imazen kontra. Sarrerak salgai izanen dira Agerra prentsan eta www.entradasfronton.com helbide elektronikoan. Abuztuaren 3an, Hueskako Oscense Pirotecniaren eskutik su-artifizialak botako dituzte Toki Onako patiotik, 23:00etan. Ondoko hiru larunbatetan kontzertuak izanen dira Altzateko plazan 19:00etan. Abuztuaren 8an Mugaldekoak Band, 15ean Old School Funky Family eta 22an Afrika Bibang taldeak igoko dira oholtzara. Abuztuaren 30ean, azkenik, Sun magoak, Bat, 2, hiru… magia! ikuskizuna eskainiko du 19:00etan Merkatu plazan.

Segurtasun neurriak

Ekitaldi hauetan guztietan, sarrera doan izanen da eta segurtasun neurri zorrotzak bete beharko dira. Maskara paratzea gomendatu dute.

Elkarrekin bizi diren unitate familiarren kasuan bata bertzearen ondoan eseri ahalko dira eta edukiera mugatua izanen da. Osasun egoeraren arabera, ekitaldi hauek aldaketak izaten ahal dituzte. Betiere, osasunak eragindako araudia betetzea izanen da lehentasuna. Ekitaldiek aldaketak izanez gero, www.berakoagenda.eus web orrian edo horren sare sozialetan jakinaraziko da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun