Espainiako disko golf txapelketa Igantzin jokatuko da urriaren 10ean eta 11n

Ttipi-Ttapa 2020ko uzt. 5a, 11:00

Irrisarriko eremuak hartuko du Espainiako Disko Golf txapelketa urrian.

Baxi Basajauna elkarteak antolatuta, Espainiako disko golf txapelketaren zortzigarren edizioa urriaren 10 eta 11n jokatulko da Igantziko Irrisarri Landen. Igantzi eta Galizako Santiago izan dituzte txapelketa antolatzeko aukera, baina Compostela Disc Golf Club taldeak 2018ko txapelketa antolatu zuela kontuan hartuz, Igantzin egitea erabaki du Espainiako Disc-Golf Elkarteak (AEDG).

AEDGren oharrak dioenez, «Baxi Basajauna azken urteetan gehien hazi den klubetako bat da, eta egindako lanarekin disc-golfean interes handia erakutsi du. Horrek guztiak anfitrioi gogokoenen artean kokatzen zituen».

Horrez gain, Irrisarri Land disko golf eremua «leku ezin hobea da, parte hartzaileei esperientzia erraztuko dieten ostatu, aisialdi eta gastronomia eskaintzak baititu».

Irrisarriko eremuaren diseinua berrikusi eta beharrezko doikuntzak eginen dira, kantxaren faktorea ez dadin mesedegarria izan bertakoentzat eta dena prest egon dadin urrirako.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun