Pelle Ttiki haur txokoak ez ditu ateak irekiko heldu den ikasturtean

Ttipi-Ttapa 2020ko uzt. 3a, 09:00
Pelle Ttiki haur txokoak 2007ko ilbeltzean ireki zituen ateak.

Heldu den ikasturteari begira, haur bakarrak eman du izena, eta hala, 1 eta 3 urteko haurrak hartuz zerbitzua eskaini izan duen Pelle Ttiki haur txokoa ez irekitzea erabaki du Arantzako Udalak.

Gurasoen eta udalaren arteko elkarlanaren bitartez, 2007ko ilbeltzean ireki zuten Arantzako Pelle Ttiki haur txokoa. Geroztik, urtero-urtero 1 eta 3 urte bitarteko haurrak hartu izan ditu eta hori horrela izan dadin, eta «udalarentzat zerbitzua bermatzea hagitz garrantzitsua» izan dela iritzita, «esfortzu ekonomiko handia egin izan du». Halaxe adierazi du Arantzako Udalak etxeetara bidali duen oharrean. 2020/2021 ikasturterako, ordea, haur bakarra apuntatu da eta gisa honetara «bideragarria ez» dela ikusita Pelle Ttikiko zerbitzua etetea erabaki du.

Hala ere, heldu diren urteei begira, haur gehiago apuntatuz gero, berriz ere funtzionamenduan jartzeko aukera ez dute baztertua Arantzako Herriko Etxean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun