Jon ERRO

«Momentu zailei esker harreman berezia eraiki dugu»

Ttipi-Ttapa 2020ko uzt. 1a, 16:00
«Kontent» bueltatu da Jon Erro lesakarra El Conquistador saiotik.

Jon ERRO FAGOAGA El Conquistador saioko finalista.

El Conquistador saioaren 16. edizioan parte hartu du Jon Erro lesakarrak. Proba guztiak egin, finaleraino ailegatu eta «dena» bizitzeko aukera izatea «izugarria» da abenturazale gaztearentzat.

Elkarrekin sufritu eta gozatuz, «esperientzia izugarria» bizi izan dute El Conquistador saioko 36 parte-hartzaileek Kariben. Tartean izan da Jon Erro (Lesaka, 1997). Saioa «ia ezagutu gabe» eman zuen izena eta abentura «osorik» bizitzeko aukera izan du. Jakin-mina aseta eta motxila «hitzez azaldu ezin diren» bizipenez beteta egin du buelta. «Buruari gogor eginez geure burua gainditzeko gai garela» adierazi digu hitzez eta ekintzez.

Nola animatu zinen El Conquistadorren izena ematera?

Donostiako lagun batek, Anek, animatu ninduen. Saioa segitzen du eta ikaragarri gustatzen zaio. Castinga egin beharko nuela erraten zidan… Orduantxe hasi nintzen zer ote zen begira…

Lehendik castinga egina zenuen?

Ez, ez. El Conquistador zer zen ia jakin gabe egin nuen castinga, Youtuben bideotxo batzuk eta Josu Vazquezen pasarte batzuk ikusiak nintuen, baina deus guti. Hartu nindutela jakin nuenean hasi nintzen begira, zer proba ziren… Hilabete eta erdiz egunero ikusi nituen aitzineko edizioetako bideo-zatiak.

Josu Vazquezekin ere solasean aritu nintzen telefonoz, han bizitakoa azaldu eta bertako elkarbizitzaren berri eman zidan, baita jarrera zaintzeko eta urduritasuna kudeatzeko aholku batzuk ere.

Probak ikustea aski ez eta entrenatzen ere aritu izanen zinen. Ezta hala?

Bai, eskalatzen hasi nintzen ez bainintzen behin ere ibilia. Gimnasiora eta igerilekura ere joan nintzen. Joko aunitz igerian egin behar zirela ikusi nuen eta... Hilabete eta erdiz egunero entrenatu nuen.

«Han bizitakoa hitzez azaltzeko hagitz zaila da, joan eta bizi egin behar da»

Nolako esperientzia izan da Kariben bizitakoa?

Ikaragarria, hitzez azaltzeko hagitz zaila da, joan eta bizi egin behar da. 26 egun gogor bezain politak izan dira. Hango 26 egunetan, hemen aunitzekin bizi osoan dudan harremana baino sendoagoa izatea lortu dut. Momentu zailetan, gosea pasatu dugunean eta elkarrekin sufritu dugunean, eraiki dugun lotura berezia izan da. Mentalki eta fisikoki lur jota geunden momentuan, joko bat irabazi eta janari pixka bat jateko aukera izateak indar handia ematen zigun, izugarri eskertzen genuen. Gorabehera horiek hagitz politak izan dira.

Zer izan da esperientzia honek eman dizun gauzarik politena?

Galdera zaila! Aunitz eman dit. Batetik, lagunak, elkartzen segitzen dugu eta harreman polita dugu. Bertzetik, geure burua zeinen gogorra izan daitekeen jakiteko bide eman dit. Proba fisikoak egiten ahal dituzula ikustea, gosea pasatzeko gai garela… Hemen denetarik dugu eta ez garela hori bizitzeko gai iruditzen zaigu.

«Hemen denetarik dugu eta ez garela hori bizitzeko gai iruditzen zaigu»

Paraje ederrean ibili zarete. Momentu horietan inguruaz gozatzen ahal da?

Irlako alderdi iluna ikusi dugu (irri artean). Barkuan, jokoetara bidean, izurdeak ikusi ditugu; argitzeak ere hagitz politak izan dira, baina egia da bertze begi batzuekin bizitu dugula...

Zer proba edo momentu izan da gogorrena?

Gogorrena lehenbiziko hiru egunak izan ziren. Kanpaleku batera eraman gintuzten, deus erran gabe, eta janaririk eman gabe. Egun bat egonen ginela pentsatzen genuen eta hurrengo egunean hasiko ginela uste genuen. Goiza ailegatu eta deus, arratsaldean ere ez… Buruari bueltak ematen pasatu genituen hiru egunak, hasiera hagitz-hagitz gogorra izan zen. Zerbait pasatua zela uste genuen…

Momenturen batean amore eman eta etxera bueltatzeko pentsatu duzu?

Bai, aunitzetan. Jokoa galdu eta umorea galtzen nuen, nik eta ingurukoek. Galdu eta pobreen kanpalekura eraman gintuztenean ‘zer behar dut nik hemen egoteko etxean egoten ahal banaiz?’ pentsatzen nuen. Buruari gogor egin eta han egonik gehixeago jasateko erraten nion neure buruari.

«Gogorrena lehenbiziko hiru egunak izan ziren»

Pantailan ikusi denaz harago, bertze hamaika momentu bizi dituzue…

Bai, kamerek ez dute dena grabatzen. Pobreen kanpalekuan bi egun egon ginen. Bertan utzi eta kamerak joaten diren momentuan izandako elkarrizketak, elkar animatzen aritu ginen momentua... Hori hagitz polita izan zen. Lehenbiziko egunetan txabola egiten aritu ginen eta arrantzan, sua pizten ere saiatu izan gara… dena ikusterik ez dago…

Han zeundela, zer izan da faltan bota duzuna?

Ehiza, bereziki. Gutunean bidali zizkidaten oilagorrekin argazkiak, basurdeak ere bazirela aipatu zidaten… eta erotuta nengoen. Lagunak eta Ane ere buruan izan nituen.

Kamera aitzinean ibili zaren lehendabiziko aldia izan da? Nola ikusi duzu zeure burua telebistan?

Bai, hala izan da eta horregatik kamerak hurbiltzen zirenean alde egiten nuen. Deseroso sentitzen nintzen, jendeak gazteleraz solas egiteko erraztasuna zuela ikusten nuen. Ni, berriz, ez naiz ongi moldatzen. Hondar aldera, lehenbiziko finalista nintzela erran zidatenean ez zitzaidan deus inporta.

«Pobreen kanpalekura eraman gintuztenean ‘zer behar dut nik hemen egoteko etxean egoten ahal banaiz?’ pentsatzen nuen»

Etxetik ikusi dudanean hagitz gaizki solas egiten dudala sentitu dut. Han egiten nuenean ari nintzela sentitzen nuen, baina… bai gaizki! Hasieran ikaragarrizko lotsa sentitu nuen, ez nuela gauza bat zuzen erraten iruditzen zitzaidan. Gero ohitu nintzen…

Kameren aitzinean, pentsatzeko astirik ere ez…

Bai, etsipen momentu horietan pentsatu gabe solas egiten dugu eta gero ohartzen zara, ‘hori ez banu erran…’.

Faboritotzat izan zaituzte aunitzek… Zer sentitzen da zurekiko horrelako jarrera dutela ikustean?

Mezu aunitz jaso ditut eta maitatua sentitu naiz. Bigarren egunean kanporatua izan banintz ez litzateke gauza bera izanen. Orain hagitz ongi, gustura, sentitzen naiz.

Momenturen batean kritikak ere izan zenituen…? Nola hartu dituzu? Prest zeunden aditu beharrekoa aditzeko?

Hagitz zaila izan da, jenio txarrez jartzen naiz irakurtzen dudan bakoitzean. Ez dut hori dena onartzeko eta neureganatzeko adina gaitasun. Mordoska irakurri ditut, baina momentu batean gehiago ez irakurtzea erabaki nuen.

«Kritika batzuetan arrazoia dutela onartu dut baina ez dakit hori kudeatzen eta haserretu egiten naiz»

Batzuek arrazoirik gabe idazten dute, eta horiei kasurik ez egitea errazagoa da. Deus egin ez dudala aditzean, adibidez, erran duenari joan eta bizitzeko erranen nioke. Jakin gabe kritikatzen da maiz. Ahuntza hil genuenean ere Twitter eta Facebooken ere kritikak izan ditudala erran didate, sare sozial horiek ez ditut eta nahiago dut ez irakurri. Han pasatzen den gosea izanen balute…

Bertze batzuek, ordea, arrazoia dute eta onartzen dut, baina ez dakit hori kudeatzen eta haserretu egiten naiz.

Ederki moldatu zara, eta finalera ailegatzea lortu duzu. Horrelakorik espero zenuen?

Ez, ez, nola ba! Ez nik ezta etxekoek eta hurbileko lagunek ere. Lehenbiziko egunean joateko beldur nintzen, berehala kanporatua izanen nintzela uste nuen. Hamabortz bat egun egiten banituen ongi zela nuen buruan.

Abentura hasieratik bukaerara bizitzea pribilegio handia izan da, ona, txarra, hobeak, okerragoak… bizitzeko aukera izan dut eta ez dut ‘hori probatzeko aukera izan banu…’ pentsatuko. Pena bakarra dut, duelurik ez egina. Pare bat eginen nituzke gustura.

Nor izan da hasieran begiz jo zenuen aurkaria?

Aunitz izan ziren. Aireportura ailegatu eta taldekideak ikusi nituenean Mikel, Lander, Jon Quel, Jon Rodríguez…  Txikitinek ere beldurra eragin zidan. Solasean hasi eta hagitz ongi entrenatuak zirela ikusi nuen. Momentu horretan ‘nora etorri naiz?’ galdetu nion neure buruari. 

Aitzinera egin ahala aurkari horiek aldatu dira?

Aldatzen garenak gu gara. Aitzinera egin ahala aldatu egiten gara. Bereziki finalerako proba irabazi nuenean ‘zergatik ez? Zergatik ez zara ba irabazteko gai izanen?’ pentsatu nuen.

Finalista zinela jakinarazi zizuten momentua... nola bizi zenuen?

Erogarria izan zen. Aditua genuen irabazten zuena lehenbiziko finalista izanen zela, baina erran arte ez nuen sinesten. 36 hasi eta zu sailkatzea ikaragarria da. Momentu horretan janaria ez zitzaidan inporta, nahiz eta gero jan nuen (irriz). Telebistan ikusi nuenean berriz ere sentimendu bera izan nuen.

Zalantzan dagoena parte hartzera animatzeko, zer mezu bidaliko zenioke?

Denak animatuko nituzke, esperientzia hau ez da diruz ordaintzen ahal. Momentu hauek bizi guztirako gordeko ditut. Nik hagitz fresko ditut, baina baita orain urte batzuk parte-hartzaile izan zen Josu Vazquezek ere.

«Momentu hauek bizi guztirako gordeko ditut»

Hurrengo edizioetako parte-hartzaileei zer aholku emanen zenieke?

Fisikoki minimo bat prestatzea, bertzela ez du ongi pasatuko, ez ditu probak gustura eginen. Ongi janda joateko ere erranen nieke, eta burua hotz izateko, kamerak atzendu eta kontzentratuta joateko. 

Eta zu… bueltatuko zinateke?

Bai, dudarik gabe eta manerak ez ziren berak izanen. Lehenbiziko aldi honetan begiz ez jotzeko isilik egoten eta arreta ez erakartzen saiatu naiz, nominatzeko beldurrez edo…

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun