Mugikortasunaren alde Lesakan egindako lanek harrera ona izan dute

Ttipi-Ttapa 2020ko eka. 30a, 08:06

Duela hilabete bat eskas martxan jarri zuen Lesakako udalak mugikortasunaren aldeko lanak. Covid19arengatik espazioak irabazteko asmoarekin egindako lana izan da eta horretaz gain, mugikortasunaren inguruko neurria era badela aipatu digu Ladis Satrustegi alkateak. Era berean, behin behineko neurria dela ere gogoratu du, «iraila arte egonen da modu honetara. Gero baloratuko da horrekin jarraitu, aldaketak egin, indartu edo hobekuntzak egin». 

Nafarroako Gobernuak kostuen %85a diruz lagundu du eta hilabete honetan zehar, herritarren kezkak, proposamenak, iritziak eta gisakoak jasoko dituzte. Halere, orokorrean harrera ona izan duela aipatu digu Satrustegik eta «eskertzekoa da herritarrek erakutsitako prestutasuna eta borondate ona».

Bolardo eta loreontziak erabiliz espaloiei zabalera handiagoa eman zaie Plaza Zaharra eta Arretxea inguruan eta Beheko Plaza eta Zarandia karriketarako autoen sarbidea itxi da eta bertako bizilagunen aparkaleku pribatuetara iristea bakarrik da posible. Karga-deskargarako gune konkretuak ere zehaztu dituzte. 

Herriko Etxeko atarian aparkatzeko aukera 10 minututara mugatzen duten seinaleak ere paratu dituzte.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun