Lesakako parke eolikoa

Auzoberriko parke eoliko proiektuaren kontrako sinadura bilketa abiatu du Endara Bizirik platafornak

Ttipi-Ttapa 2020ko eka. 29a, 12:00

Joan den ortziralean Lesakan egindako bilera jendetsuaren ondotik, aste honetan Bortzirietan eta Oiartzunen eginen dituzte informazio-bilerak

Nordex enpresak Lesakako Auzoberri inguruan jarri nahi duen parke eolikoaren kontra sinadura bilketa abiatu du Endara Bizirik Plataformak. Horretaz gain, informazio-bilerekin segitzen du. Ortziralean, Lesakako Alondegiko arkupetan egindakoa hagitz jendetsua izan zen eta hainbat herritarrekin batera, udalean ordezkaritza duten eta dagpeneko proiektuaren kontra agertu diren bi taldeetako alkate eta zinegotziak izan ziren ekitaldian.

Sinadura bilketari dagokionez, Lesakako denda eta ostatuetan ez ezik, Berako Arturo eta Oinatz dendetan, Etxalarko herriko dendan eta Herriko Ostatuan, Igantziko Bi-Biden eta Arantzako Zakutenean, Pabloenean, Aterpen eta dendan eskura daitezke paperak. Nahi duenak, eskaera sinatua endarabizirik@gmail.com helbide elektronikora bidal dezake.

Informazio bilera gehiago aste honetan

Lesakako auzoetan eta herrigunean proiektuak eraginen lituzkeen kalteen berri eman du asteotan Endara Bizirik plataformak. Orain, inguruko herrietan ere informazioa zabaldu nahi dute eta bilera-informatiboak eginen dituzte uztailaren 1ean, asteazkenean 19:00etan Etxalarko Kultur Etxean; uztailaren 2an, ortzegunean 19:00etan Oiartzungo herriko plazan, uztailaren 3an, ortziralean 19:00etan Berako Ricardo Baroja eskolako frontoian eta uztailaren 4an, larunbatean 18:00etan Igantziko frontoian eta 20:00etan Arantzako frontoian.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun