Euskal Herriko Mendi Duatloi Zirkuituaren lehendabiziko hitzordua Igantzin izanen dute

Ttipi-Ttapa 2020ko eka. 24a, 10:30

Euskal Herriko mendi duatloi zirkuituen berri eman dute.

Euskal Herriko Mendi Duatloi Zirkuituaren behin-behineko egutegia prest da dagoeneko. Plazaratu duten gida «Osasun Ministerioaren eta gainerako agintari eskudunen jarraibide eta gomendioetara» egokituko dutela jakinarazi dute. 

Aurreikusitakoaren arabera, kirolariek lehendabiziko hitzordua irailaren 5ean izanen dute Igantzin. Nafarroa utzita, Gipuzkoara joanen dira ondoko larunbatean, irailaren 12an. Igartzan dute hitzordua. Urduñako (Araba) eta Arriarango (Gipuzkoa) lurretan barrena izanen dira, hurrenez hurren, irailaren 19ko eta 26ko bueltak. 

Urrian bertze bortz aukera

Irailekoaren ondotik, urrian ere izanen dute aukerarik. Zegama-Aizkorrin hilaren 3an, Ibarran 10ean, Arespalditzan 17an, Amasan 24an eta Zeanurin 31n dituzte hitzorduak. 

Azaroan Adunan egitekoa duten probaren data oraindik ez dute zehaztu «egutegia zabalik dagoelako» eta bertze probaren bat sartuko balitz data aldatu beharko litzatekeelako, Adunakoa zirkuituko azken proba izanen baita.

Baimenak eta protokoloak

Lehiaketa egin ahal izateko azken baimena lurralde bakoitzeko agintari eskudunei dagokie beti, baita bakoitzeko gehieneko parte-hartzaile kopurua ezartzea ere.

Guzti hau kontuan hartuta, protokolo berriak ezarri beharko dira dortsala jasotzerakoan, irteera gunean, boxetan, anoa postuetan, helmugan, etab.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun