Hemen erabaki, herritarrok erabaki lelopean Gure Eskuk egin duen mobilizaziorako deia Hamaiak Gara ekimenetik sortu da. Gure Esku burujabetza eta erabakitzeko eskubidea sustatuko dituen elkarlanerako espazio bat artikulatzen aritu da azken urtean gizarteko hainbat eragilerekin, eta harreman horiei esker, Hamaika Gara ekimena abiatu zuen martxoaren 11n. Erreferendumaren aldeko sinadura bilketa bat ardatz hartuta, epe luzeko ibilbide bati ekin zioten baina egitasmoa aurkeztu eta egun guttira, osasun krisiak ekimena baldintzatu zuen: sinadura bilketa aldi batez sustatzeari utzi, eta aurreikusitako kale mobilizazioak udazkenera gibelatzea erabaki zuten sustatzaileek.
Baina orain, «herritarrok eta gure aldarrikapenek plaza publikoa berreskuratzeko garaia» dela uste du dinamikak, «premiazkoa da bizi dugun eta datorren krisiari Euskal Herritik eta guztion artean erantzun behar diogula adieraztea, eta tokiko erabaki burujabeak aldarrikatzea». Horregatik, Hamaika Gara ekimenean bat egindako eragileek herri erantzun bat emateko deia egin dute iganderako, Hemen erabaki, herritarrok erabaki lelopean. Ekimen bateratu honen bidez, herri eta hirietako «plazak berreskuratu eta aldarriz bete» nahi dituzte asteburuan Euskal Herriko hainbat txokotan, tartean Beran.