Senarra Elizondoko Benito Menni ospitale zentroan du Olaetxeak eta «ongi zaindua dagoenaren lasaitasuna edukita ere, bideodeien bidez bakarrik ikusi ahal izatea gogorra» egin zaio. Hala, ia hiru hilabetez bisitarik gabe egon ondotik, ekaineko lehenbiziko astean bisitatzeko aukera izatea kontent hartu zuen: «neurri zorrotzekin izanda ere, kontaktu fisikoa bezalakorik ez dago».
Gainerakoan, konfinamendua tarteko, eguneroko martxa alde batera utzi behar izan zuen. Ordura arte, «goizetan etxeko lanak eta mandatuak egiten nituen. Gero bazkaria prestatzen nuen eta egun batzuetan bilobak bazkaltzera etortzen ziren. Arratsaldetan, siesta pixka bat egin eta paseatzera joaten nintzen. Telebista pixka bat ikusi... Bizitza normala egiten nuen. Astean behin frantseseko klasera joaten nintzen jubilatu batzuekin eta tarteka, lagunekin kafetxo edo aperitibo bat hartzera ere bai».
«Ez ginen kontziente hemen eta mundu osoan hainbertzekoa izanen zenik»
Hori, ordea, bere horretan gelditu zitzaion martxoan etxean gelditzeko agindua indarrean ezarri zutenean. «Martxoaren 11n goizean frantseseko klasea izan genuen eta irakaslearekin koronabirusari buruz aritu ginen solasean: Txinako argazkiak, Italian zerbait hasia zela... Egun berean, senarra ikustera ere joan ginen eta zerbait aldatzen bazen deituko zigutela erran ziguten». Ez zuen espero egun batetik bertzela hala aldatuko zenik egoera: «ez ginen kontziente hemen eta mundu osoan hainbertzekoa izanen zenik, nork erranen zigun...». Baina etorri zen. Konfinatzeko aginduarekin, «hasieran mandatu batzuk egitera» atera bazen ere, gero erabat etxean gelditzea erabaki zuen: «seme-alabek mandatuak eurek ekarriko zizkidatela erran zidaten eta bilobak ere ez ziren bazkaltzera etortzen».
Egoerari aitzin egiteko, «errutinak hartzea» erabaki zuen: «goizetan etxeko lan batzuk egiten nituen, hasieran armairuak hobeki ordenatzeko ere aprobetxatu nuen, gero frantsesa pixka bat lantzen nuen, pasilloan edo balkoian paseatu... Leitzea ere aunitz gustatzen zait eta behin ere baino gehiago leitu dut konfinamendu garaian». Teknologia berrietara ere ederki moldatu zen, frantseseko klaseei Whatsappez eman baitzieten segida: «hasieran kosta zitzaidan ez nuelako behin ere egina, baina gero ikasi nuen. Lehenbiziko ariketa batzuk bidaltzen zizkiguten, etxean prestatu eta astean behin bideodei bidez elkartu eta ariketak zuzentzen genituen, solasean ari...». Eta horrekin batera, «Whatsappean Lesakako familiakook dugun talde handiak ere distraitzen» lagundu omen zion, «beti izaten zen zer ikusi».
Hala, bateko eta bertzeko kontuekin, arratsalde batzuetan «pixka bat aspertu» arren, «orokorrean nahiko ongi» pasatu omen zuen konfinamendua. Esker oneko hitzak izan ditu «laguntza eskaini duten boluntarioak» aipatzerakoan, «ni alaba eta semearen bitartez moldatu naiz, baina beharra zutenei laguntzeko boluntarioak izan dira eta alde horretatik hagitz ongi zainduak egon gara».
«Hasieran albistegi guztiak ikusten nituen eta dena irakurtzen nuen. Gero ohartu nintzen sobera kezkatzen nintzela»
Gaiak «neurri batean kezka» sortzen diola ere ez du ukatu eta horretan komunikabideen eragina sumatu du: «hasieran albistegi guztiak ikusten nituen eta dena irakurtzen nuen. Gero ohartu nintzen sobera kezkatzen nintzela eta egunean bi aldiz ikustea erabaki nuen. Ez genuen halakorik egundaino ezagutua, eta beti urruti gelditzen zirela pentsatzen genuen. Baina mundua hain da globalizatua, segidan iskin guztietara zabaldu zela».
Bere kasuan, «mandatuak egitera eta paseatzera» ateratzen hasia bada ere, segurtasun neurriak betetzen ahalegintzen da: «dendetara eta toki publikoetara maskararekin joaten naiz. Paseatzerakoan ez dugu maskararik erabiltzen baina bi metro edo gehiagoko tartea mantentzen dugu».
«Estatuak defentsara hainbertze diru bideratu beharrean, ikerketara bideratuko balu, denontzat hobe»
Pasatuak pasatu, «honetatik guztiatik zerbait ikasi izanen dugun» itxaropena du Olaetxeak, «nahiz eta nire zalantzak ditudan, gizakiok hainbertze gauza pasatu ditugu eta ez dakit sobera ikasi dugun...». Bere hitzetan, «botere publikoak osasungintza, irakaskuntza eta gizarte zerbitzuak zeinen garrantzitsuak diren ikasiko balu, ez litzateke gutti izanen. Eta estatuak defentsara hainbertze diru bideratu beharrean, ikerketara bideratuko balu, denontzat hobe. Koronabirusaren kontrako txertoa aterako dute, baina gaur egun bizia antolatua dugun maneran, berriz etorriko dira horrelako arazoak, eta ikerkuntzan jende aunitz ari da baina behin ere ez dute baliabiderik aski izaten».