Konfinamendua tarteko, bertzeak bertze, «bilobak ikusi bidenabar frontoi edo parke aldera, edo haiekin egiten zituen bueltak» eman ezinik gelditu zen Mitxelena, baita astean hiru aldiz Ubarmin klinikan egiten zituen errehabilitazio saioetara joan ezinik ere. Gehiago ere bai, «etxekoen bisitarik gabe» gelditu behar izan zuen, eta «hori izan da gogorrena» beretzat: «Bi alaba eta semea ondoan ditut baina haiekin solas batzuk justu-justu egin ditut eta bertzeekin ezin izan dut egon». Etxe atariak, ordea, aunitzerako eman dio, «egunero atera naiz etxe atarira eta ibili naiz, bertzela atrofiatua gelditzen bainaiz».
Konfinamendu garaiko mugak ez ezik, udan ere nabarituko du aldaketa Mitxelenak. Etxetik bertan duen udal igerilekua irekiko ez dutenez, «egunero bizpahiru aldiz egiten nituen bisitarik gabe» geldituko delako: «kafe bat hartu eta haurrak ikusi bidenabar igerilekura joatea gustatzen zitzaidan, han pixka bat egon eta etxera bueltatu, hemen pixka bat ibili eta berriz joaten nintzen. Aurten, ordea, horrela beharko du». Bere ustez, «ongi pentsatu beharreko erabakia» izan da, «arriskutsua» izan daitekeelako: «batek huts egitea aski baita ingurukoak kutsatzeko».
«Egurra lantzen eta haurrentzako pilota goxoak egiten gustura aritzen naiz»
Baina harat-honat horien faltan, seguru bertzelako denbora-pasak bilatuko dituela, hala nola, hainbertze gustatzen zaizkion zaletasunei toki eginez: «egurra lantzen eta haurrentzako pilota goxoak egiten gustura aritzen naiz».
Hortik aparte, ezohiko egoera honek ikasteko bide eman beharko lukeela uste du: «dena dugunean eta ongi gaudenean aunitz gauza ez dira baloratzen eta zerbait pasatzean ohartzen gara horretaz, niri min hartu nuenean gertatu zitzaidan bezala. Eta orain gertatu denarekin zerbait ikasiko bagenu, hobe genuke».