Berako Udalak asteburuetan gau giroan izan diren besta eta parrandekin «kezkatuta» dagoela adierazi die beratar eta bizilagun guztiei, «gazteei bereziki». Alarma egoeran eta osasun larrialdi honetan «arduragabekeriaz jokatzea onartezina dela» uste du. «Elkartzea, lagun artean egotea eta ospatzea» zilegi dela dioen arren, Beran gaueko parranda giroan bizitzen ari garen egoera «salagarria» dela uste du.
«Nekatuta» daudela adierazi dute, «bereziki ostatu inguruetako bizilagunak, gaueko mozkorkeria giroan jasan behar diren zarata, istilu, borroka eta bandalismo kasuekin». Hortaz, «irmoki» salatu dituzte jarrera horiek guztiak: «inoiz ez dira onargarriak, baina bizi dugun egoera honetan gutiago oraindik». Egoera «orokortu nahi ez» dutela ere adierazi dute: «badakigu jendartearen gehiengo handi baten jarrera, nahiz gazte nahiz heldu, egokia eta zuzena dela».
Udalak ostatu jabeekin eta bizilagunekin solas egin duela eta «egoera hau moldatzea denon esku dagoela» uste dutela adierazi dute: «denok jarri behar dugula gure aldetik zerbait. Arduraz jokatzea ezinbertzekoa da egoera honi buelta eman nahi badiogu».
Beratarrei ez ezik, inguruko herritarrei ere dei egin diete «badakigulako deialdiak zabaldu direla sare sozialen bidez jendea Beran elkartzeko deituz, besta egitera».
Osasun larrialdi egoeran daudela eta, norbanakoek bezala, «ostatuek ordutegi eta arau batzuk bete behar dituztela» adierazi dute. Solas eginez moldatzearen aldeko apustua egin dute, eragile guztiekin bilduz: «ez dugu zigorraren biderik hartu nahi. Elkarrizketaren bidez gauzak moldatzen saiatzen ari gara, kontu honetan inplikatuak egon daitezkeen eragile guztiekin solastatuz».
Egoera hau «zuzentzeko» itxaropentsu dago udala: «arduraz joka dezagun, geure buruak eta bertzeenak zainduz» gaineratu du.