Udalekuen inguruko xehetasunak jakinarazi ditu Bortzirietako Euskara Mankomunitateak

Ttipi-Ttapa 2020ko eka. 16a, 18:00

Covid-19a tarteko, osasun eta segurtasun neurriak hartuta eginen dituzte udalekuak Bortzirietan. Taldeak gehienez 10 lagunez osatuak izanen dira eta ahal dela taldeen artean ez dira nahasiko. Ekintzak pertsonen artean gutienez 1,5 metroko tartea utziz programatuko dituzte eta ezinezkoa denean, sei urtetik goitiko haurrek maskara erabili beharko dute.

 

Hasiera batean, udalekuak ez antolatzea erabaki bazuen ere, joan den ekainaren 8an egindako ezohiko bilera erabaki zuen Bortzirietako Euskara Mankomunitateak udalekuak egitea. Arantzan, Bera, Etxalarren eta Igantzin uztailaren 13tik abuztuaren 7ra lau astez bilduko dira, 10:00etatik 13:00etara, eta Lesakan, uztailaren 13tik abuztuaren 28ra eginen dituzte, 09:00etatik 13:00etara.

Udalekuak 3 eta 12 urte bitarteko haurrentzako dira, 2008 eta 2016 urteen artean jaiotakoentzat, eta herri bakoitzean talde bat sortzeko gutienez bederatzi beharko dira. Bortzirietako udalerrietan erroldatuek edo bertako ikastetxeetako ikasleek parte hartzen ahalko dute eta udalekuak euskaraz direnez, D edo B ereduan ari direnak izan behar dute. Behar bereziak dituzten haurrentzako hiru plaza gordeko dituzte.

Izena emateko epea ortzirale honetan irekiko dute eta asteka ere egiten ahalko da. Online egin beharko da eta 28ra arteko epea izanen da. Izena eman ahala onartuko dira parte-hartzaileak, eskainitako plazak bukatu arte. Behin izen-ematea egindakoan, matrikula ordaintzeko epea uztailaren 3ra artekoa izanen da.

Matrikulen prezioak

  • Arantza, Bera, Etxalar, Igantzi
  Aste bat Bi aste Hiru aste Lau aste
Ume bat 22,50 € 45,00 € 67,50 € 90,00 €
Bi anai-arreba 38,25 € 76,50 € 114,75 € 153,00 €
Hiru anai-arreba edo gehiago 47,25 € 94,50 € 141,75 € 189,00 €
  • Lesaka
  Aste bat Bi aste Hiru aste Lau aste Bortz aste Sei aste Zazpi aste
Ume bat 30 € 60 € 90 € 120 € 150 € 180 € 210 €
Bi anai-arreba 51 € 102 € 153 € 204 € 255 € 306 € 357 €
Hiru anai-arreba edo gehiago 63 € 126 € 189 € 252 € 315 € 378 € 441 €

Behar ekonomikoak dituzten familiek prezo horien gainean %50eko deskontua izanen dute. Horretarako, izena eman ondotik, gizarte zerbitzuekin harremanetan jarri behar dute, bertan balorazioa egin dezaten (948 63 50 36).

Osasun eta segurtasun neurriak

Covid-19a tarteko, hainbat segurtasun neurri hartu behar izan dituzte. Horren arabera, nahiz eta osasun egoeraren arabera neurriak alda daitezkeela ohartarazi duen, momentuz honela lan egitea aurreikusi du Bortzirietako Euskara Mankomunitateak:

  • Udalekuak hasi aitzinetik begirale guziek Covid-19aren gaineko formakuntza jasoko dute: neurri higieniko-sanitarioak, eta alde emozionala nahiz pedagogikoa.
  • Guraso/tutore/arduradunek haurra goizero eramanen dute ikastetxera. Sarrera eta irteera mailakatua eginen da eta familiek aitzinetik jakinen dute hori nola eginen den.
  • Sarreran haurrek eskuak garbituko dituzte gel hidroalkoholikoarekin, eta taldeka geletara joanen dira.
  • Taldeak hamar lagunez osatuko dira: gehienez bederatzi haur eta begiralea. Ahal dela taldeen artean ez dira nahasiko.
  • Aire zabalean eginen dira ahalik eta ekintza gehien. Hala ere, hori posible ez denean, espazio itxi egokiak prest izanen dira.
  • Ekintzak pertsonen artean gutienez 1,5 metroko distantzia utziz programatuko dira. Hori ezinezkoa den kasuetan maskara erabiliko dute, bakarrik 6 urtetik goitiko haurrek eta salbuespen kasuan kontuan hartuta.
  • Haur guziek etxetik eraman beharko dute maskara, gutieneko tartea gorde ezin denerako.
  • Familiek ardura handiz jokatu behar dute. Haurrak (edo familiakoak) sintomak baditu edo gaixotu bada, ahalik eta lasterren emanen diote horren berri begiraleari, osasun protokoloak lehenbailehen martxan jarri daitezen.
  • Haur edo begiraleren bat Covid-19arekin eritu edo horren susmoa izanez gero, osasun protokoloak abiatuko dira. Gerta liteke udalekua bertan behera utzi behar izatea; kasu horretan kuotaren zati proportzionala itzuliko da.
  • Bertzelako arrazoiren batengatik haurrak ez badu udalekuetara joan behar, begiraleari jakinarazi behar diote.
  • Ezin dira jostailuak eraman. Udalekuan erabiliko dituzten objektuak erabili aitzinetik eta ondotik desinfektatuko dira.
  • Haur bakoitzak bere hamaiketakoa eta botilatxoa eramanen ditu.
  • Udalekuak irauten duen bitartean partaideren batek sintomak baldin baditu begiraleak bakarkako gela batera eramanen du, eta maskara jarriko dio. Gainera, familiari abisatuko dio, baita lehen arretako zentroari ere (Lesaka eta Berako osasun zentroei).
  • Programazioak, jokoak, irteerak eta abar unean uneko osasun egoerara egokituko dira.
  • Mankomunitateak eta Dindaia Fundazioak eskura dituzten protokoloak eta neurri guziak ardura handiz jarraituta ere Covid-19 kasuren bat agertuz gero, familiek ezin izanen diete inolako kalte ordainik eskatu.
  • Izen-ematea egiterakoan hainbat baldintza onartu beharko dira: momentuko prebentzio eta higiene neurriak onartzea, osasun egoera egunero berrikusteko konpromisoa, jardueran parte hartzeko baimena Covid-19ak dakartzan arriskuen eta neurrien berri izan ondotik...

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun