520.000 euro inbertitu ditu Nafarroako Gobernuak N-121-A errepidean bide-segurtasuna hobetzeko lanean
Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesiorako Departamentuak azken bi hilabeteetan, 520.000 euro inbertitu ditu N-121-A errepidea hobetzeko zenbait jarduketatan, bide-segurtasuna handitzeko. Apirilaren 15az geroztik, bidearen 62,87 kilometroko luzeran zehar, seinaleztapen horizontala guztiz berritzen ari dira ardatzean eta alboetan.
Bideko markak berriz margotuta, seinale horizontalaren ikusgarritasuna hobetu egin da errepide osoan zehar. Horretarako, pintaketaren zabalera 0,15 metrokoa izan da, lehengo 0,10 metroko zabaleraren aurrean. Modu horretan, Nafarroak aurrea hartu die Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendako Ministerioaren etorkizuneko gidalerroei.
Aldi berean, Departamentuak marra jarraitua margotu du bide horretako bost zatitan aurreratzea debekatzeko, nahiz eta orain arte aurreratzea baimenduta egon zirkulazioaren kontrako noranzkoan. Horrez gain, bideko seinaleztapen horizontala homogeneoagoa izan dadin, zirkulazioaren bi noranzkoak marra jarraitu bikoitzarekin bereizi dira.
Modu horretan, orain arte ardatzean edo ardatzari itsatsita marka eten bat zegoen 3,36 kilometroko tartean eta orain debekatuta dago aurreratzea (bidearen luzeraren %5,34ko tartean).
Neurri horri esker, hemendik aitzinera soilik aurreratu ahal izanen da martxaren noranzkoan errei bikoitza duten bide-zatietan (bidearen luzera osoaren %58,61 hartzen du).
Era berean, Herri Lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusia fresaketa eta zorua berritzeko lanak egiten ari da N-121-A errepideko zenbait zatitan, errepidearen marruskadura-koefizientea eta erregulartasuna hobetzeko. Lanak azken hilabetean garatzen ari dira 25+990 eta 68+440 puntu kilometrikoen artean. Halaber, Slurrya (Microf 8 Mikroaglomeratua) aplikatzeko lanekin jarraitzen dute.
2+1 bide bilakatzeko proiektua aitzinera
Aldi berean, Lurralde Kohesiorako Departamentuak N-121-A errepidea 2+1 bide bilakatzeko proiektua aurreratzen jarraitzen du. Datozen egunetan, 1 eta 2 zatien eraikuntza-proiektuen behin-behineko onespena ematea aurreikusten da eta jendaurrean jartzea ondasunen eta eskubideen ondorioetarako. Ondoren, behin betiko onarpena eman eta bi zati horietako obrak lizitatuko lirateke.
Gogoratu behar da 2+1 erako errepideak bi noranzkoko errepideak direla, eta hiru errei dituztela erabiltzeko. Erdiko erreia noranzko batean edo bertzean aitzineratzeko errei gisa erabiltzen da, txandaka, kilometro bateko luzera inguruko tarte erregularrekin eta zirkulazioaren kontrako noranzkotik aparte uneoro, gainditu ezin den erdibitzaile jarraitu baten bidez (oztopo fisikoarekin edo gabe) modu eraginkorrean bereizita baitago.
Nazioartean testatuta dagoen irtenbidea da, eta abantaila hauek ditu: kontrako noranzkoko zirkulazioko aitzineratzeen %100 ezabatzen du, ibilbideko banaz bertzeko abiadura kaltetu gabe; modu nabarmenean murrizten du aurrez aurre talka egiteko arriskua, aurreratzeak argi egiten dira-eta; eta ez du dei-efektu handirik eragiten trafiko astunarentzat, bertzeak bertze. Nazioarteko azterketen arabera, 2+1 bideetako istripu-tasa autopistetakoaren antzekoa da.
Ibilgailu astunen istripu-tasa txikiagoa AP15/A15ean
N-121-A errepidea 2+1 bide bilakatzeko proiektuaren helburua istripu-tasa murriztea da.
N-121-A eta AP15/A15ean ibilgailu astunen istripu-tasaren inguruan Foruzaingoak dituen datuen arabera (83. pk-tik Gipuzkoarekin muga egiten dueneraino), 2014 eta 2019 urte artean AP15/A15ean gertatu diren istripu guztien %8,7ren kasuan kamioiak egon dira tartean. N-121-A errepideari dagokionez, portzentajea %13koa da, eta bide hau arriskutsuagoa da, gainera, izandako istripuen emaitzaren larritasuna dela-eta.
Gogoratu behar da Nafarroako Errepideen Sareko Aforoen datuen arabera, 2019an, N-121-A errepidean egunean batez beste 10.276 ibilgailuko intentsitatea izan zela, eta horietatik 2.880 ibilgailu astunak izan zirela. AP15/A15i dagokionez, eguneko banaz bertzeko intentsitatea 19.239/15.095ekoa izan zen, eta horietatik 4.335/2130 ibilgailu astunak izan ziren.
Aipatzekoa da 2018ko ekainaren 1etik azaroaren 1era bitartean, Belateko eta Almandozeko tunelak egokitzeko obrak zirela-eta, N-121-A errepideko trafiko astuna AP15/A15 errepidearen bidez desbideratu zela. Foruzaingoaren datuen arabera, bide horretan ibilgailu-kopurua nabarmen gehitu arren, kamioak inplikaturiko istripuen kopurua ez zen gehitu.