COVID-19: Elkarrizketak

«Lanik gabe nago eta duela bi hilabete bukatu zitzaidan langabezia saria»

Ttipi-Ttapa 2020ko eka. 14a, 12:00

Badaki zer den sufritzea eta badaki zer den aitzinera egitea. Bizitza gogorra izan du gaur egun Lesakan bizi den Vennisa Osamede Imafidon Okunghaek, ttiki-ttikitatik. Duela 43 urte sortu zen Nigerian. Amatxi eta atatxik hazi zuten, «ama gazterik haurdun gelditu zen eta bere aitak etxetik bota zuen. Aitaren aldeko amatxi eta atatxirekin hazi nintzen. 13 urte nituela ikusi nuen lehenbizikoz ama». Nigeriako egoera ikusita, «aberats gutti eta pobre aunitz, ezberdintasun handia, matxismo handiko kultura…», bere amatxik animatuta atera zen sorterritik, «niretzat bizimodu hobea nahi zuelako».

Duela 19 urte izan zen hori, baina ordura artekoak aski ez eta kalbario gehiago ezagutu zituen gerora ere. Almerian zuen izeba batek laguntzeko itxaropena bere horretan zapuztu zion izebak berak: «lagunduko zidala erran zidan baina hantxe utzi ninduen. Bi urte pasatu nituen Marokon izeba noiz etorriko esperoan baina ez zen agertu. Azkenean amatxik lagundu zidan, nire benetako ama izan denak».

Ez ditu atzenduak pateran egindako bidaia, ez Marokon egindako bi urteko egonaldia hura, ezta urteotan izandako oztopo guztiak ere. Hunkituta oroitzen da haietaz. Azkenean, amatxi izan zen estatu espainiarrera ailegatzen lagundu ziona. «Lagun baten bitartez, Andaluziatik Madrilera joan nintzen eta gero Bartzelonara». Tarte horretan «Gurutze Gorriak eta Karitasek lagundu zidaten». Bartzelonatik Iruñera ailegatu zen eta han ezagutu zuen bere semearen aita. Geroztik Lesakan ez ezik, Donamarian eta Donostian ere bizi izan da, harrera-etxe batean ere bai, azkenean Lesakara itzuli eta bertan finkatzea erabaki zuen arte. Horixe du bizileku gaur egun ere; berak eta 15 urte semeak.

«Nigeriara bueltatzeko aukera burutik pasatzean sentimendu kontrajarriak izaten ditut»

Pasatutakoak pasatu ondotik, gaur egun «kontent» bizi da Lesakan. Duela bortz urte zendu zitzaion hainbertze maite zuen amatxi eta gaur egun ez du harreman handirik sorterriarekin, ez du haren faltarik: «nire ama bertze herrialde batera joan zen eta bertze aita batenak diren bi anaiorde baditut baina ia ez ditut ezagutzen». 19 urte hauetan ez da itzuli Nigeriara eta gainera, bueltatzeko aukera burutik pasatzean, «sentimendu kontrajarriak» izaten omen ditu.

Duela bi urte herritartasuna lortu zuen. «Hemen hamar urte bizitzen daramatzazunean eska dezakezu», kontatu digu, eta halaxe egin zuen. Hori zen nahi zuena, baina bidea ez zen erraza izan: «hagitz-hagitz gogorra izan zen. Hiru urte pasatu nituen esperoan, izapide aunitz egin behar izan ditut baina orain, hagitz kontent nago nahiz eta horretarako nire sorterriari uko egin behar izan diodan. Ez zait axola». Hori baino lehen, «etorri eta hiru urtera bizileku-baimena egin nuen eta hainbatetan eguneratu behar izaten nuen».

«Momentu honetan hilabete hondarrera ailegatzeko arazoak ditut»

Herritartasuna lortzeak, ordea, ez dizkio arazoak uxatu, eta «momentu honetan hilabete hondarrera ailegatzeko arazoak» dituela aitortu digu. «Urtero udalak garbiketa lanetarako kontratatzen ninduen eta hortik aparte, ostatu batean ere lanean aritzen nintzen, baina koronabirusa dela eta, bi lan horiek gabe gelditu naiz». Beretzat bizirauteko nahitaezkoa zen diru-iturria galdu du: «ama ezkongabea naiz, langabezia saria duela bi hilabete bukatu zitzaidan eta egunean egunekoarekin bizi naiz». Lana ez harrapatzeak «estutasuna» sortzen omen dio, eta «semearen arnasketa arazoek kezka». Gizarte zerbitzuetatik hilabetean behin jasotzen duen elikagaien bonua eta Gurutze Gorriak eman dizkion 85 euroak dira aspaldian jaso dituen bakarrak. «Horrela bizi gara. Pisua ordaindu behar dut, semea hor dago…».

Etorkizuna ere ez du argi nolakoa izanen den. «Pixka bat hobea» izatea nahi luke, berak «bizitzeko gutti» aski duelako, «gastuak ordaintzeko, jatekoa izateko eta lo egiteko adina». Gainerakoan, «ongi» dagoela eta «kontent» bizi dela dio.   

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun