Rikardo Ederra II. Mikro-ipuin lehiaketan saritua izan da Uxue Arriada igantziarra

Ttipi-Ttapa 2020ko eka. 12a, 09:00

Uxue Arriada Larralde igantziarrak saria lortu du 'Berriro etxean' mikro-ipuinarekin.

Lehen Hezkuntzako seigarren mailako ikasleen artean lortu du saria.

Dindaia Fundazioak antolatutako Rikardo Ederra II. Mikro-ipuin lehiaketa saritua suertatu da Uxue Arriada Larralde, Igantziko eskolako Lehen Hezkuntzako seigarren mailako ikaslea, ‘Berriro etxean’ mikro-ipuinarekin. Donostiako Zientzia Museorako sarrerak (haurra eta heldua) eta Dindaia kamiseta izanen ditu saritzat.

IPUINA

Berriro etxean

Mendaur aldetik zebiltzan Amaia eta bere aita Prudentzio. Ingurumenari erreparatzen, bazter guztiak begiratzen baina bapatean biak begira geratu ziren, ezin sinetsi. Leku hori oso polita zen, Prudentzio harrituta zegoen nolatan egun batetik bestera zati hori aldatu zen. Lekua lasaia zen, berdetsua, margaritaz beteta, txoriak kantari, orina bat azaldu zen, horrek lekua oraindik magikoagoa zela egin zuen. Orduan Prudentziok gogoratu zuen nola bere aitonak kontatzen zuen: “Mendian leku bat triste jartzen denean, Xamariko etxean ez dagoela esan nahi du, baina bueltatzen denean, alai baino alaiago jartzen du mendia”.

Orduan Prudentziok Amaiari esan zion:

– Xamariko bueltan da, maitea!

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun