Tokiko produktuen merkatua eginen dute ekainaren 13an Beran

Ttipi-Ttapa 2020ko eka. 11a, 20:00

Nafarroako Gobernuak emandako osasun gomendioak beteko dira bezeroak seguru ibili ahal izateko erosketak egiten.

Larunbatean 10:30etik 13:30era Beralandetan eginen dute eta elikagaiak bakarrik izanen dira salgai

Pandemiak eragindako bi hilabeteko geldialdiaren ondotik, hilabeteroko bigarren larunbateko ohitura berreskuratu zuten maiatzean Beran eta ekainean ere tokiko produktuen merkatua eginen dute. Ekainaren 13n, larunbatean 10:30etik 13:30era izanen dute hitzordua Beralandetan.

Oraingoan, salbuespen egoera honetan, elikagaiak bakarrik izanen dire salgai jarriko direnak, hala nola: behi eta ardi gasnak, Euskal xerrian produktuak, baztango zaporeak, irin ekologikoarekin egindako ogiak, eztia eta erleen produktuak, urrak, sagardoa eta sagar zukua.  Nafarroako Gobernuak emandako osasun gomendioak beteko dira bezeroak seguru ibili ahal izateko erosketak egiten.

Berako udaletik aipatu dutenez, «bizi dugun egoera honetan inoiz baino garrantzitsuagoa da ingurukoa zaintzea eta bertako produktuen alde egitea.  Animatu eta erosi produktu osasuntsu eta tokikoak!».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun