Isolatuak

Momentu eta egoera guztietan zaila da bakarrik edo isolatuta egotea. Bakartasun eta isolamendu hau bera da pandemia globalak eragin digun egoera behartua.

Itogarriak suertatzen zaizkigu lan egun arruntetan hain desiragarri genituen etxean ematen genituen orduak. Etxeko lau paretek nazkatu egiten gaituzte, eta gure familiako kide nahiz lagunekin egon ezin izateak egoera hau okertu egiten du, zalantzarik gabe. Baina, errealitatean, isolamendu eta bakardade hau nahiko lauso eta laburra da beste adiskide batzuen egoerarekin alderatuta.

«Imajina dezagun herritik 900 kilometrora alarma egoera»

Gure herrian bada asteak baino, urteak gela batean igaro dituena edo daramatzana. Gela bakar hau, maizenik, partekatua izaten da, intimitaterik gabe eta eskubiderik gabe. Mundutik nahiko isolatuta daude egunerokoan, eta ezarritako neurriekin isolatuago daude orain eta, ondorioz, babesgabetasun egoera handiagoa da. Euskal preso politikoez ari naiz. Etxerat elkarteak aurten argitaratu duen lehen txostenaren arabera, egun 235 euskal preso daude frantziar eta espainiar estatuetako kartzeletan (Etxerat, 2020).

Imajina dezagun zure herritik 900 kilometrora dagoen espetxe batean zaudela egun bizi dugun alarma egoeran. Zure osasuna arriskuan ikusteaz gain, zuk maite dituzunak nola egonen diren eta gaixotasun honi aurre eginen ote dioten zure buruari galdegiten diozula. Zenituen bisita urriak egiteko aukera kendu dizutela eta espetxeko presoak inoiz baino bakartuagoa zaudetela, zuen osasun segurtasunagatik. Etxeratek argitaratutako txostenaren arabera, euskal preso politikoak dira presondegietan bakartuen daudenak (Etxerat, 2020).

Egun, Covid-19agatik alarma egoera ezarri zenetik presondegi guztietako bisitak bertan behera gelditu dira. Kartzela erregimen gogorrenetan dauden presoak ia ez dira ziegetatik atera. Toki komunak berdin partekatzen dituzte, hauetariko gehienak leku txiki eta itxiak izanik, birusarekin kutsatzeko arrisku handia dago. Etxerat eta bertze hainbat erakunde nahiz eragilek agiri bat sinatu dute preso dauden gaixo larriak eta 70 urtetik gorakoak ateratzeko eskatuz. Baina, beste behin ere, Espainiako Gobernuak ez du jaramonik egin (Etxerat, 2020).

Pandemia globalak hausnarketarako momentu egokia eskaini dio gizarteari, dituen ahultasunak identifikatu eta hauek erreparatu ahal izateko. Beraz, egoera honek eskaintzen digun denbora aprobetxatuz, kartzela eredu berri bat birpentsa dezagun

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun