COVID-19: Elkarrizketak

«Lanik gabe egoteak kezka eta beldurra sortzen dizkit»

Ttipi-Ttapa 2020ko eka. 11a, 09:00

Jimmy Araus, Mildre emaztearekin eta Ander eta Joshua semeekin.

Jimmy Ali ARAUS BLANDON, Arantzan bizi den nikaraguarra

Joan den urteko otsailaz geroztik, Arantza dute bizileku Jimmy Ali Araus Blandon nikaraguarrak eta bere familiak. 28 urte ditu eta emaztearekin, Ander eta Joshua semeekin eta amaginarrebarekin bizi da.

Hain zuzen, amaginarreba izan zen duela zenbait urte Arantzara ailegatu zen lehenbizikoa. Adinekoen zaintzan hasi zen lanean eta horretan segitzen du gaur egun ere.  «Nikaraguan egoera txar-txarra zela, ekonomia beheiti zihoala eta dena kolapsatzen ari zela ikusita, alaba ekarri nahi izan zuen. Emazteak etortzeko erran zidan eta halaxe etorri ginen Ander eta hirurok. Joshua Arantzan jaioa da». Halaxe lurrartu zuten Euskal Herrian.

«Arantzan handia eskaini digute, euretako batzuk bagina bezala sentitzeraino eta hagitz kontent gaude»

«Hasiera gogorra» egin omen zitzaion: «gure sustraiak han daude, eta bertze planeta batera etortzea bezala izan zen, hizkuntza, klima… dena desberdina da eta lagunak egin eta girora egokitu behar izan genuen». Baina denborarekin ederki moldatu dira eta gaur egun, «hagitz kontent» omen dago Arantzan, «herritarrek beso zabalik» hartu dituztelako: «bazterketa kontuak aipatuak zizkiguten baina herri honetan gauzak diferenteak dira. Ongi hartu gintuzten eta babes handia eskaini digute, euretako batzuk bagina bezala sentitzeraino eta hagitz ongi gaude».

Dena, ordea, ez da nahi bezalakoa. Legalki bertze egoera batean egon nahiko lukete, eta lanean ari, bertze edozein herritar bezala. Kontatu digunez, «asilo-eskaera» egina dute baina ezohiko egoera hori ere gibelatu die: «maiatzaren 20an genuen asilo-eskaerari buruzko hitzordua, baina konfinamendua tarteko, bertan behera gelditu zen eta ez dakigu noiz arte».

Lanean ere aritu izan da, baina koronabirusak hori ere kendu dio: «lanean ari nintzen, baina konfinamenduarekin dena gelditu zenean lanik gabe gelditu nintzen eta geroztik halaxe nago». Eta horrek «kezka eta beldurra» sortzen dizkio, beretzat «hagitz garrantzitsua» delako lana egitea eta soldata bat jasotzea: «bi seme ditugu eta eurei begiratu behar diet». Amaginarreba lanean ari da eta emazteak «tarteka ordu batzuk baino ez ditu egiten. Haurrak osasun zentrora eraman behar direnean, ordu batzuk egiten ditu taxia ordaintzeko edo botikaren bat erosteko adina izateko». Hala, «lanerako baimena lortzearekin batera, gidabaimena birmoldatzea» dira bere lehentasunak: «lanerako eta gidatzeko baimena lortuta, eta autoa izanen banu, herritik kanpo lana harrapatzeko aukera gehiago izanen nuke».

«Hagitz eskertuak gaude gizarte zerbitzuen mankomunitatearekin eta lagundu diguten herritar guztiekin»

Hilabete hondarrera ailegatzeko arazoak izaten dituztela ere kontatu digu Arausek, eta gizarte zerbitzuetatik eta herritarren aldetik jaso duten laguntzarekin egin omen dute aitzinera. «Hagitz eskertuak gaude gizarte zerbitzuen mankomunitatearekin eta lagundu diguten herritar guztiekin. Aunitz dira modu batera edo bertze batera lagundu digutenak». Gehiago ere azaldu du: «Arantza ez den bertze toki batean bageunde, auskalo zein egoeratan egonen ginatekeen. Borondate oneko jendea topatu dugu». Aitortu digunez, «sorterrira dirua eskatu behar izan duten lagunak baditut, ez dutelako pisua edo logela ordaintzeko edo jatekoa eskuratzeko adina». Zorionez, ez da bere kasua.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun