Azkenean udalekuak eskainiko ditu Bortzirietako Euskara Mankomunitateak

Ttipi-Ttapa 2020ko eka. 9a, 13:00
3 eta 12 urte arteko haurrek uztailaren 13tik abuztuaren 7ra izanen dituzte udalekuak Bortzirietan.

Ekainaren 19tik 28ra bitartean izanen da on-line izena emateko aukera eta uztailaren 13tik abuztuaren 7ra eginen dituzte, 3-12 urteko haurrei zuzendua

Bortzirietako Euskara Mankomunitateak ekainaren 8an egindako ezohiko bileran udalekuak antolatzea erabaki du. Gogoratu behar da duela aste batzuk udalekurik ez antolatzeko erabakia hartu zuela, jarduera hori behar diren berme eta segurtasun neurriekin antolatzeko aukerarik ez zuelakoz ikusten. Geroztik gobernu erakundeak eta sektoreko eragileak aurtengo udan haur eta gaztetxoentzako aisialdia nola antolatu zehazten duten jarraibideak eta gomendioak ematen hasi dira.

Egoera berri hori ikusirik, mankomunitateak gaia berraztertu du eta erabaki du udalekuak antolatzea. Oraingoz erabaki dena da udalekuak bortz herrietan eskainiko direla, 3-12 urte bitarteko haurrentzat. Udalekuak uztailaren 13tik abuztuaren 7ra bitartean izanen dira. Izen emateak online eginen dira, ekainaren 19tik 28ra bitartean. Mankomunitateak ondoko egunetan emanen du gainerako xehetasunen berri.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun