Maddi Ane Txoperena

«Neskato ibili ziren emakumeei ez zaie garrantzi handirik eman»

Ttipi-Ttapa 2020ko eka. 11a, 07:00
Maddi Ane Txoperena Iribarren bere eleberria eskuetan duela. Liburuaren azala Garazi Conde Orube lesakarrak egin du. Argazkiak: Garazi Conde.

Maddi Ane TXOPERENA IRIBARREN, Lesaka-Hendaiako idazlea eta kazetaria

Gaztetan neskato ibili zen Josefina amatxiren eta Marie bilobaren arteko harremana ardatz hartuta, Ene baitan bizi da bere lehenbiziko eleberria argitaratu du Hendaian sortu eta Lesakan bizi den gazteak.

Ofizioz Berrian kazetari, ikasketaz Gizarte Antropologiako ikasle, afizioz bertsolari, eta borondatez TTIPI-TTAPA aldizkarian eta bertze hainbat tokitan kolaboratzaile. Hori gutti ez, eta orain idazle ere bai. Horixe dugu Maddi Ane Txoperena Iribarren, Hendaian sortu eta Lesakan bizi den gaztea (1994). Iaz, Ipar Euskal Herriko gazteei zuzendutako Gazteluma Sariketa irabazi zuen, eta horri esker, berriki bere lehenbiziko eleberria kaleratu du: Ene baitan bizi da. Marie biloba eta Berako Josefina amatxi protagonistatzat hartuta, hainbat istorio landu ditu: 50eko hamarkadan neskato ibilitako emakumeen errealitateak, lehengo eta oraingo maitasun eta desamodio istorioak, laneko sufrimenduak, gatazka politiko baten ondorengo testuinguru baten ezinak, amatxi-biloba eta alaba-guraso harreman korapilatsuak… Hori guztia iraganaren eta orainaren arteko zubia eginez.

Zurea sormena dela erranen dugu?
Ttikitatik gustatu izan zait idaztea, nahiz eta orain arte ez dudan deus argitaratu. Niretzako aritu izan naiz eta beti koadernotxoren bat izaten dut eskura, oharrak edo nire gauzak idaztea gustuko dudalako. Ipuinak eta fikziozko istorio laburrak ere idatzi izan ditut, baita lagunekin partekatu ere, baina gehiago ez. Bertsolaritzari lotuta, haurra nintzela bertso eskolan hasi nintzen. Gerora, urte batzuez utzi nuen, jende aitzinean kantatzeak sortzen duen urduritasuna edo presioa ez nuelako atsegin. Nafarroako taldekako txapelketa hasi zenean, lehengusuarekin, ahizparekin eta anaiarekin taldea osatu eta berriz animatu nintzen eta Lesakako bertso eskolan apuntatu nintzen. Bertsotan eroso sentitzeko taldearen babesa behar dut.

Eta orain literaturara salto egin eta liburua argitaratu duzu...
Gazteluma Sariketara hagitz jende gutti aurkeztu zela eta, parte hartzeko deia zabaldu zuten eta aukera bat izan zitekeela pentsatu nuen. Lehenagotik hasitako proiektu bat banuen eta hori txukundu eta bidali nuen. Beka eman zidaten eta hori izan da proiektuarekin segitzeko akuilua. Horrelako sariketek argitaratzeko babesa ematen dute eta bukatzeko data jarri ere bai. Hori ona izan daiteke, bukatu eta ez alde batera uzteko. 

Marie biloba eta Josefina amatxi dira liburuko protagonistak. Nola aurkeztuko zenizkiguke?
Marie Donibane Lohizuneko neska gazte bat da, Parisen Politika Zientziak ikasten ari dena. Bere amatxi Josefina Beran bizi da eta uda berarekin  baserrian pasatzea erabakitzen du. Liburua uda bateko denbora tartean kokatua da, eta bi hari nagusi ditu. Batetik, Marie bere amatxirekin baserrian dagoen denbora, eta bertzetik, Josefinaren istorioa, bere gazte garaian bizitutakoa kontatzen duena. Josefina gaztetan neskato ibili zen Ipar Euskal Herrian eta Frantzian eta horri buruz dihardu. Mariek ikasketak bukatzeko lan bat egin behar du eta amatxi neskato ibili zela jakiten duenean, hari horri tiraka hasiko da. 

«Nire amatxi neskato ibili zen eta ttikitatik istorioak kontatu izan dizkigu. Amatxik kontatutakoa da liburu honen abiapuntua»

Gure eskualdearekin hurbileko harremana duen istorioa da...
Bai, eta hasieran, Bortzirietako gazteei eskaini diet, hagitz bertako problematika dela iruditzen zaidalako. Bere garaian, Bortzirietako emakume aunitz ibili zen neskato, eta tartean, nire amatxi, Ziburun eta Donibane Lohizunen. Ttikitatik istorioak kontatu izan dizkigu eta amatxik kontatukoa da liburu honen abiapuntua. Jon Abrilek Neskatoak dokumentala egin zuen, baina beti iruditu izan zait neskatoen kontuari ez zaiola garrantzi gehiegirik eman edo ez dela hagitz ezaguna. Gehiago solas egin izan da Ameriketara joaten ziren artzainen edo kontrabandoan ibili zirenen inguruan. Eta niri, betitik, neskatoen gaia polita iruditu izan zait.   

Iraganeko eta oraineko kontuak bildu dituzu. Dokumentazio lan handia eskatu dizu?
Alde batetik, amatxirekin solastatutako guztia hor nuen. Bertzetik, Rosa Arburuaren 1940-1960. Bortzirietako gaztiak liburuan neskatoen inguruan ageri den atal ttikira ere jo nuen. Baina bereziki testigantzak bildu ditut eta garai hartako bizimoduaren inguruko kontuak leitu, istorioa kokatzerakoan hanka-sartzerik ez egiteko. Hasiera batean, istorioa erreala izateko nahia obsesio bihurtu zitzaidan, baina hainbertze informazio izateak idazterakoan oztopoak jartzen zizkidala ikusita, puntu batetik aitzinera nire buruari askatasun gehiago ematea erabaki nuen, heldu zitzaidan bezala idaztea. Hori bai, horrek gero zuzenketa lana eskatu zidan. 

«Oinarria eta inspirazio iturria errealak dira baina hortik aitzinera istorioak eta pertsonaiak asmatuz jostatzen aritu naiz»

Liburuak zenbat du errealitatetik eta zenbat fikziotik?
Bietatik du. Oinarria eta inspirazio iturria errealak dira baina hortik aitzinera istorioak eta pertsonaiak asmatuz jostatzen aritu naiz. Oraineko istorioa bera hagitz erreala izaten ahal da Bortzirietako edozein gazterentzat. Mariek uda Beran nola pasatzen duen kontatzen da, inguruko herrietako bestak aipatzen dira, ostatu batean lan egiten du... Halako errealitateak ageri dira. Uda honetan leitzen duenarentzat kuriosoa izan daiteke, aurten ez baita bestarik izanen.

Zergatik izenburu hori?
Nahiago dut sorpresa izatea. Liburua leitzen duenak nahiko aise entendituko du, bereziki bukaeran argitzen da.  

Emaitzarekin gustura gelditu zara?
Bai. Onartu behar dut liburu bat idazteko prozesua ez ezagutzeak eta jendeari zer irudituko zaion pentsatzeak nahiko buelta eragin dizkidala eta bereziki zuzenketako fasea nahiko gogorra egin zaidala. Gauza bat idatzi eta berriz zuzendu, azkenean idatzitakoak zentzurik ez duela pentsatzeraino. Beti dut hobetzeko nahia baina orokorrean gustura gelditu naiz. Erraten dutenez, idazleak liburua idatzi ondotik, irakurleak leitzen hasten diren momentutik aitzinera bertze liburu bat da. Hortaz, bakoitzak bere interpretazioa egin dezala eta egiatan pentsatzen duena erratea nahi nuke.  

«Plazer handia izan da liburua idaztera dedikatu ahal izatea, gustura ibili nintzen»

Nolakoa da liburua idatzi eta argitaratu bitarteko prozesua?
Nire kasuan, urte batzuk pasatu dira proiektuarekin hasi eta argitaratu den arte, lehendik hasitako lan baten segida izan delako. Baina idazketa lan gehiena joan den udan egin nuen. Beka eman zidatela aprobetxatuz, hilabete batzuk esklusiboki liburua idazteari eskaini nahi izan nizkion eta orduko lana utzi eta liburua idaztea lan bezala hartu nuen. Plazer handia izan zen horretara dedikatu ahal izatea, gustura ibili nintzen.

Euskarari dagokionez, zer nabarmenduko zenuke?
Nahasketa moduko bat egin dut. Gaztelumaren baldintzetako bat lapurteraz idaztea zen, baina liburua Bera eta Donibane Lohizuneren artean kokatua izaki, Bortzirietako eta Lapurdiko hitzen arteko nahasketa egin dut. Euskara batuan idatzia dago, baina bertako hitzekin, batzuetan Lapurdikoak eta bertzeetan Bortzirietakoak. Ez da hain artifiziala izan, bi euskalkiek antza handia dutelako. 

Apirilean Sarako Biltzarrean aurkeztekoa zenuen, baina maiatz hondarrera gibelatu behar izan zenuten... Luze egin zitzaizun?
Konfinamendua hasi baino egun batzuk beranduago, martxo hondarrean, argitaratzekoa zen, baina ezin izan zen eta argitaletxeak berak ez zekien noiz argitaratuko zen. Beharbada irailean izanen zela ere aipatu zidaten eta ez zitzaidan sobera gustatu. Lana bukatua nuen eta jendearen eskuetan ikusi nahi nuen. 

Bertze libururen bat etorriko da?
Aunitz gustatzen zait idaztea eta liburu honekin hagitz gustura ibili naiz. Nik uste noizbait bertze zerbait etorriko dela, hala nahiko nuke behintzat.

«Gaur egun gazteak zein egoeratan dauden ikusita, ikasketekin eta lan prekarioetan ari direla kontuan hartuz, hagitz zaila da literaturara pausoa ematea»

Nola ikusten dituzu gazteak literaturan?
Alde batetik, hezkuntzan eta orokorrean, jendea ez da sorkuntzara sobera bulkatzen, ezta idaztera ere. Hagitz burugogorra zarelako edo aunitz gustatzen zaizulako ez bada, zaila da literaturara pausoa ematea. Bertzetik, gazteen mailako sariketek aukera handia eskaintzen dute, baina irabazten ez baduzu deusezean geldi daiteke ilusioa. Virginia Woolfek liburu bat idazteko gela propioa eta 500 libera behar zirela erraten zuen. Denbora eta espazioa norberarentzat, eta dirua, bizi behar delako. Gaur egun gazteak zein egoeratan dauden ikusita, ikasketekin eta lan prekarioetan ari direla kontuan hartuz, hagitz zaila da zerbait aitzinera ateratzea.

Euskarazko literatura zein egoeratan ikusten duzu?
Nire zaletasun handienetako bat leitzea da eta euskaraz aunitz leitzen dut. Euskarazko literaturan kalitate oneko lan aunitz kaleratzen dira eta irakurle bezala, egoera ongi ikusten dut. Baina bertze kontua da horren gibelean zein prekarietate egoten ahal den. Konfinamendu egoeran argi azaleratu da sortzaileak zein egoeratan dauden eta horrek kezkatzen nau. 

Non ikusten duzu zure burua etorkizunean?
Kazetaritzan, eta orain Berrian, gustura ari naiz. Idatzizko kazetaritza da eta gustukoa dudan zerbait egiteko aukera ematen dit. Hortaz, oraingoz horretan segituko dudala uste dut. Gerora, ikusiko dugu. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun