Manttalek kirol udalekuak antolatu ditu uztailerako

Ttipi-Ttapa 2020ko eka. 10a, 13:00

Sei eta hamabi urte bitarteko gaztetxoentzat udalekuak antolatu ditu Manttalek.

Manttale mendi lasterketa taldeak kirolaz gozatzeko udalekuak antolatu ditu uztailerako. Sei eta hamabi urte bitartekoendako udalekuak izanen dira, Lehen Hezkuntzako lehendabiziko mailatik seigarrenera bitartartekoentzat. Hilaren 6tik 31ra, lau astez, goizetan bilduko dira, 09:30etik 13:00etara. Kiroldegian elkartuko dira.

Egoera dela eta, zenbait neurri hartuko dituzte. Batetik, denak elkarrekin ez biltzeko talde batetik bertzera 15 minutuko tartea izanen dute. Bertzetik, 10 laguneko taldeetan bilduko dira eta talde horiek egonkorrak izanen dira (ez dituzte nahasiko). Horrez gain, bakoitzak bere fitxa izanen du egunero tenperatura hartu eta sukarrik eta sintomarik ez duela sinatuta ekarri beharko dute.

Atletismoa, mendia, bizikleta, oreka kirolak, frontoiko kirolak (esku pilota, erraketa, pala...), boleibola, beisbola, errugbia, futbola, saskibaloia eta baita hainbat joko eta jolas ere izanen dituzte gozagarri eta talde bakoitzak egunean kirol bat eginen du, ez elkartzeko. 

Parte hartu nahi dutenek ekainaren 26a, hondarreko ortziralea, bitarte eman dezakete izena, honako formularioa betez. Izena ematearekin batera arauak eta ordainketa egiteko moduari buruzko informazioa bidaliko zaie.

Manttale ttikin izena emanda daudenek 80 euro ordaindu beharko dituzte bi anai-arreba izanez gero 140 euro. Manttale ttikin ez daudenek berriz 90 euro eta bi anai-arreben kasuan 150.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun