JOXE ELGORRIAGA ALMANDOZ

«Irrisarri Landeko azpiegiturak ezohiko egoera honetarako hagitz aproposak direla uste dugu»

Ttipi-Ttapa 2020ko eka. 5a, 15:29

Lanean hasteko gogotsu dago Joxe Elgorriaga Almandoz.

Martxoan abiatzekoa zuen Irrisarri Landek zazpigarren denboraldia. Pandemiak, ordea, data hiru hilabete gibelatzea eragin du. Egoerara egokituz, beharrezko neurriak hartuz eta protokoloak zehaztuz, bihar, ekainaren 6an, irekiko dute. Bertako kudeatzaile den Joxe Elgorriagak kontatu digunez «ilusioz eta gogotsu» bizi dute buelta. Ez dute indarberrituta itzultzeko arrazoirik falta. Izan ere, lehiaketa bat irabazi dute eta horren eragin zuzena sumatu dute: «erreserbak martxa hartzen hasiak dira».

Nola oroitzen duzu Irrisarri Land parkearen irekiera?

2014ko Aste Santuan ireki genuen. Irekiera hagitz handia izan zen: batetik, hotela, bordak eta aterpetxea; bertzetik, bi jatetxe; eta 75 hektareatako abentura parkea ditugu... Abentura parkean ere jarduera pila eskaintzen ditugu (tirolinak, penduloa, zubia...). Hasieran esperientzia guttirekin hasi ginen. Hemengo nagusiek instalazioekin ez ezik, esperientzia gutti zuen jendearekin apustu egin zuten. Nik, adibidez, sektore horretan bi urte neramatzan, 68 bazkideko landa turismo kooperatiba bateko kudeatzailea nintzen. Hor sektorearen begirada zabala ikusi nuen. Hau eskaini zidatenean hura utzi eta 2013an hona etorri nintzen hau prestatzeko eta hurrengo urtean irekitzeko. Inbertsio handia, lantaldea ere bai, lantalde gaztea, ideia eta ilusio handiarekin paratu genuen martxan.

«Esperientziarekin gutxiagotik gehiago egiten ikasi dugu»

Zer nolako martxa izan du parkeak urte hauetan?

Hasieratik arrakastatsua izan da, baina egia da guk urtetik urtera aunitz ikasi dugula. Marka pila bat ditugu, Irrisarri Land da handiena baina jauregia, Basajaun Basoa Borda, aterpetxea... azpimarkak ditugu horren barne. Hasieratik ez genekien zer eta nola komunikatu behar zen eta esperientziarekin gutxiagotik gehiago egiten ikasi dugu eta urtetik urtera bisitari kopurua, fakturazioa, eskaintzak, jarduerak... haunditzen joan dira.

Horrekin batera, langileriak ere goiti egin izanen du. Koronabirusak, ordea, hau dena hankaz goiti du. Zenbatengan izan du eragina eta zertan sumatu duzue?

Lantaldea hainbat taldetan banatzen da eta langile kopurua parkearen beharretara egokitzen da. Bataz bertze, 90 langile inguru izaten gara. Pandemia guk ireki baino lehenago hasi zenez, martxoan ez genuen ireki eta kontratuak ez zeuden altan emanak. Hortaz, alde horretatik ez dugu horrenbertze sufritu. Orain hasi gara langileak kontratatzen...  

Langileak utzi ez baina gutxiago hartu izanen dituzue ezta?

Orain asteburutan bakarrik irekitzen hasiko gara. Horrez gain lehen astegunez eskolak, ezkontzak, alojamenduak... ere bagenituen. Hori dena galdu dugu. Asteburu-pasa datozenekin eta Nafarroakoekin bakarrik hasiko gara, hortaz, ahalik eta talde ttikienarekin hasi gara ahalik eta zerbitzu hoberena emanez. Momentuz hori izanen da gure apustua. Ekain bukaeran, 26an, parkea egunero irekiko dugu, uztail eta abuzturako erreserbak egiten ari dira... Beraz normal hastea espero dugu. Hortik irailaren 6ra arte egunero irekia egonen da.

Aurten astegunez eskolekin etab. genituenez eta Aste Santuan mugimendu haundia genuenez denboraldia 50 langile ingururekin hastekoa genuen. Formakuntza eman eta prestatzeko hasieratik hartzeko asmoa genuen... Egoera dela eta, berriz, 30-35ekin hasi dugu. Hala ere dezente da eta ekainean lan haundia egin beharko dugu horri buelta emateko.

Eskoletako erreserba andana izanen zenituzten...

100-120 eskola ibiltzen dira urtean. %60a urdaberrian izaten dugu eta hori guztia galdu dugu. Zerbitzua eskaintzerik izan ez dugunez, eskolekin solas egin dugu erreserba mantentzeko heldu den urtean etortzeko jarduera gehiago eskaini dizkiegu eta data aldatzeko aukera eman diegu. Aunitzek udazkenera pasatu dute. Udazkenean errekuperatzea espero dugu, ea zer gertatzen den.

Eskolak bezala ezkontzak ere... Zer gertatu da horiekin?

15-20 izaten ditugu. Udaberriko ezkontza guztiak udazkenera eta heldu den urtera pasatu dira. Alde batera ez uztea lortu dugu. Hemen ezkontzea erabakitzen duenak normalean tokia, hemengo eskaintza, gonbidatuak ortziraletik igandera hemen egotea... hori nahi du. Beraz, horrek eusten lagundu du.

Horiez gain, joan den udazkenean martxan paratu genuen Irrisarri Bussines Land zerbitzuak, emaitza hagitz onak izan zituenak, ere sumatu du eragina. Couching sarea, bilera gelak... eskaintzen dira eta hor ere baziren ekitaldi batzuk, udazkenera gibelatu direnak edo datarik gabe utzi dituztenak. Dena pikutara joan da.

«Urtero 100-120 ikastetxetako haurrak etortzen zaizkigu. Erreserben %60a udaberrirako izaten da eta horiek galdu ditugu. Datak aldatzeko aukerak aztertzen ari gara»

Bihar, ekainaren 6an, abentura parkea berriz irekitzekoa duzue. Zein izan dira egin behar izan dituzuen egokitzapenak?

Protokoloak hasieratik orain arte aldatzen joan diren arren, badira hasieratik hor egon diren neurri batzuk: segurtasun distantziak, eskuak ongi garbitu. Gure zerbitzua eskaintzeko protokolo guztiak berrikusi eta egoera berri honetara moldatu ditugu: arnesak jartzeko prozedura, jarduerak eskaintzekoak eta segurtasun distantzia mantenduz jarduerak bertze era batean eskainiko ditugu, beti gozamena eta segurtasuna bermatuz.

Jatetxean ere neurri horiek mantenduko dira, distantziak, formakuntza... Horrez gain, edukiera %50era mugatu dugu. Horregatik, Irrisarri Landera etorri nahi duenak sarrerak aurrez erosi behar ditu, web orrialdetik edo telefonoz. Hori etengabe komunikatzen ari gara, hona etorri eta sarrerarik ez egotea saihesteko. Sarrerak hartzea gomendatzen dugu. Ez dugu derrigortzen, baina hori zabaltzen ari gara. Era berean,  garbiketa puntu aunitz paratu ditugu, horiek seinaleztatuz, eskuak garbitzea oroitaraziz. Ohar hori bera etengabe ohartaraziko dugu bozgorailuetatik.

Zenbat lagun har daitezke?

Parkearen edukiera 300 bat lagunendako da eta beraz, 175-200 sarrera inguru izanen ditugu egunean. %50era ailegatzeko ere jende aunitz etorri behar da baina komunitate batetik  bertzerako mugak ireki ezean, ez dugu uste beteko denik. Baina guri ere ongi heldu zaigu hobetzen, prestatzen... hasteko.

Zenbateko taldeak izan daitezke?

Familiak, elkarrekin bizi direnak, dira gure bezeroak. Alde horretatik, guk familien arteko distantzia mantendu behar dugu. Zazpi laguneko familia bat elkarrekin autoz etorri dena ez dugu hemen banatuko. Talde hori bera erabiliko dugu jarduerak eskaintzeko, bazkaltzeko, etab. 30 laguneko talde bat denean guk bezerori elkarrekin bizi ez badira elkarrekin ezin direla egon gogoraraziko diegu. Hauek talde ttikiagoetan banatuko ditugu. Horrez gain, badago garraiolari bat txirrindulariak pisten hasieretara garraiatzen dituena 20 minuturo. Hor derrigorrezkoa izanen da maskara erabiltzea. Norberak ere neurriak hartzeko konpromisoa eskatuko diegu bezeroei. Guk asteburuetan familiak espero ditugu, eta hala izaki euren artean elkarbizi direnen kasuan ez ditugu banatuko.

«Urteko bonua sortzerakoan inguruko familietan ere pentsatu dugu... Irrisarri urtean behin etortzeko toki bat izan beharrean urtean askotan etortzeko toki bat izatea nahi genuke»

Familientzako urteko bonuak ere martxan paratu dituzue. Ezohiko egoerari erantzunez sortutakoa da eskaintza edo lehendik ere pentsatua zenutena? Zertan da eskaintza hori?

Lehendik pentsatuak genituen familiendako bonuak eta urteko bonuak. Martxoan martxan paratzekoak genituen baina pandemiarengatik dena gibelatu da.  200 eurotan familia guztiarentzat sarrera eta Baztan-Bidasokoa izanez gero 100 eurotan eskainiko dugu. Gehienez bortz kideko familia hauek urtean nahi adina aldiz etortzeko aukera izanen dute. Honen helburua Irrisarri Land familientzat behin eta berriz etortzeko toki bat izatea da. Hemen inguruko familietan ere pentsatu dugu, aunitzetan euria ari duenean zer egin ezin jakin egoten garelako eta hemen badagoelako leku itxi eta egoki bat.

Lehendik pentsatua egonagatik egoera berezi honetarako egokia izan daiteke. Ezta?

Bai, hala da. Orain eskaintzea egokia ikusi dugu, eta ea funtzionatzen duen ikustea. Zerbitzu ona dela uste dugu baina ikusiko dugu.

Nolako uda aurreikusi duzue?

Lantaldea ilusioz eta gogoz dago eta aurreikuspen baikorrak ditugu. Izan ere, gure azpiegiturak egoera honetarako hagitz aproposak direla uste dugu. Mendian zaude, toki lasaia da, segurtasuna eta gozamena bermatuak daude eta zorrotzak izanen gara... Jendea egoera honen ondotik horrelako tokien bila ari dela uste dugu eta horregatik ostatuen erreserbak martxa hartu dutela ikusi dugu. Uda honetarako hagitz toki aproposa dugu freskoa, itzala, basoa, ura, jarduerak... Mendian, baina zerbitzu guztiak eskura dituzula zaude. Hortaz jende aunitz etortzea espero dugu. Gustura lan eginen dugula uste dugu.

«Sarrerak martxa onean saltzen ari dira eta hagitz kontent gaude»

Konfinamendutik arintze honetan erreserbak martxa hartzen ari direla sumatu duzue?

Bai, aurten web orrialde berria martxan paratu dugu eta bertatik sarrerak erosteko aukera eman dugu. Hori jarri dugunetik ongi saltzen ari dira, ez aitzineko urteetan bezala baina erritmo onean. Hagitz kontent gaude.

Udalekuak ere prest dituzue...

Horretan ere protokoloa berrikusi dugu. Oraindik Nafarroako Gobernuaren argibideen zain gaude. Momentuz %50era mugatu dugu kopurua honetan ere. Toki handia dago, 150 haur inguru har ditzakegu. Kanpaldi aunitz alde batera gelditu dira eta denek tokia izateko zabaltzea pentsatu dugu, abuztuko azkeneko bi asteburuetan ez zen ohikoa kanpaldiak izatea baina aurten eskainiko ditugu. Momentuz uztail osoa eta abuztuko lehenbiziko bi asteak saltzen ari gara. Sei gairen inguruan eskaintzen ditugu: multiekintza, bike, disk golf, dantzak, chef edo ingles udalekua. Hamar laguneko taldetxoak eginen dira (monitorea barne) eta bakoitzak bere zerbitzuak izanen ditu, bere ordutegia... Protokolo guztiak berrikusi ondotik hau da topatu dugun bidea.

«Bezeroek eman ziguten izena lehiaketan. Saria guk bilatu gabe etorri zaigu eta hori hagitz pozgarria izan da»

Indarberrituta bueltatzeko arrazoirik ez zaizue falta. Izan ere, berriki ostatu erromantiko onenaren saria irabazi du Irrisarri Landeko Basajaun Basoa Bordak...

Sorpresa izan da. Ez da guk bilatutako zerbait izan. Gure bezeroren batek apuntatu zigun txapelketara. Hasieran Nafarroako txapelketa zen. Hor irabazi ondotik estatu mailakoa irabazi genuen, sare sozialetako erabiltzaileen eskutik boto gehien jaso zituena izan zen, 1.900 inguru. Izugarrizko sorpresa izan zen. Horrek ere bere ondorioa izan zuen, erreserbak sumatzen hasi ziren, eragin ona izan zuen. Horrelako gauzak, norberak bilatu gabe etortzen direnak, hagitz pozgarriak dira.

Zerbait gaineratu nahi duzu?

Aurten etorri baino lehen deitzeko edo webgunearen bidez sarrera erosteko deia eginen nuke, toki arazorik ez izateko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun