Igantziko Erramunea etxea (gaur egun Barbenea bezala ezagutzen duguna) obretan da. Aspaldi hontan partikularren eskuetan bada ere, ezaguna da etxea Igantzin eta musika munduan, Jose Maria Usandizagak, euskal konpositoreak, La llama izeneko opera bertan sortu baitzuen.
1914ko irailaren 30ean Pilar Bayona piano joleari idatzi zion Usandizagak Igantzira (Nafarroa) «negua igarotzera» zihoala erranez, obra berriaren lau ekitaldiak idaztera. Hurrengo urteak lanean pasatu zituen buru belarri, baina bere osasunak okerrera egin zuen eta 1915eko buruilean (irailean) Donostiara eraman zuten. José Mª Usandizaga 1915eko urriaroaren 5ean zendu zen, 28 urte zituela. Usandizaga hil ondotik estreinatu zuten obra, 1918ko ilbeltzaren 30ean, Donostiako Victoria Eugenia antzokian, eta Ramón Usandizagaren zuzendaritzapean.
1919an, Igantziko etxean, Jose Mª Usandizagaren oroimenez, plaka bat inauguratu zutenean, Carlos Usandizaga jauna, musikagile talde bat, bere semea Ramón eta Aita Donostia ere Igantzin izan ziren. Egun hartako argazkiak dira ondoko gehienak.