Oinezkoen espazioa zabaltzeko egokitze lanak ekainaren 4an hasiko ditu Lesakako Udalak

Ttipi-Ttapa 2020ko eka. 2a, 08:00

Arretxea karrikako eta Plaza Zaharreko espaloia zabaldu eta ibilgailuen abiadura mugatuko da. Argazkia: Patxi Iriarte (Foto Zaldua)

Beheko Plaza eta Zarandia karrikako gune batzuk trafikora eta aparkaleku gisara itxiko dira eta Plaza Zaharra eta Arretxea karrikan espaloia zabaldu eta ibilgailuen abiadura muga murriztuko da

Covid-19aren konfinamendu arintze fasea leuntzeko, Nafarroako Gobernuak gomendatu bezala, Lesakako Udalak herriaren erdiko gunean oinezkoen espazioa zabaltzea erabaki du eta zenbait karrikatan trafikoari mugak jarriko zaizkio eta espaloiak zabalduko dira. Egokitze lanak ekainaren 4tik aitzinera hasiko dira, eta egin ahala karrikak trafikora ixten eta espaloiak zabaltzen joanen dira.

Honela, Beheko Plaza eta Zarandia karrikako gune batzuk bai trafikoari bai aparkaleku gisa itxiko dira eta bertako bizilagunen aparkaleku pribatuetara iristea bakarrik izanen da posible. Karga-deskargarako gune konkretuak ere zehaztuko dituzte. Plaza Zaharra eta Arretxea karriketan trafikoa norabide bakarrekoa dela kontuan hartuz, espaloia zabalduko da eta ibilgailuen abiadura mugatu.

Aipatu neurriak malguak eta behin-behinekoak dira, printzipioz krisiak iraun bitartean mantenduko dituztenak, eta beharra ikusiz gero egokitu daitezke. «Badakigu gure eguneroko ohituretan aldaketak eraginen dituela, baina Udal honek segurtasuna bermatzea du lehentasuna, kasu honetan pertsonen arteko guttieneko distantzia mantentzen erraztea», dio Lesakako Udalaren neurriak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun