Mikel Zubieta

«Txirrindulariaren errendimendua hobetzeko balioko du»

Ttipi-Ttapa 2020ko mai. 29a, 09:00
Zubietak ingeniaritza industriala ikasi zuen eta ondotik, doktoretza-tesia egin zuen. Teknikerren bortz urtez aritu zen.

Mikel ZUBIETA ANDUEZA, Etxalarko ingeniaria

Goi mailako errepideko bizikletentzako kanbio elektriko bat garatu du Mikel Zubieta etxalartarrak Jon Madariaga bere lankidearekin eta, dena espero bezala badoa, 2022an merkaturatu nahi dute.

Ikasitakoa eta zaletasuna eskutik hartuta daramatza azken urteotan Mikel Zubieta Anduezak (Etxalar, 1981); bizikletekiko duen afizioa eta mekatronika, hain zuzen. Horixe izan du azken bortz urteotan egunerokoa eta horixe da etorkizunean hartu nahi duen bidea. Bizikletentzako produktuak diseinatzeko helburuz, Tekniker zentro teknologikoan zuen lana utzi eta 2015ean enpresa sortu zuen Jon Madariaga bizkaitarrarekin. Geroztik, goi mailako errepideko bizikletentzako kanbio edo martxa-aldagailu elektriko bat garatzen ibili dira. «Produktu berritzailea» 2022an merkaturatu nahi dute.  

Zein helbururekin sortu zenuten Zuma Innovation enpresa?
Teknikerren genuen lana hagitz polita zen, mekatronika [mekanika eta elektronika] arloan ikerketan aritzen ginen, hainbat prototipo eginez. Aunitzetan, ordea, produktua ez zen merkatura ailegatzen eta hori zen sumatzen genuen gabezietako bat. Hainbertzeko lana zertarako egiten genuen pentsatzen hasi eta horri Jon eta biok dugun bizikletarako afizioa gehituta, bizikletaren munduan zerbait egiten ahal genuela ohartu ginen. Bizikleten mundua aunitz aldatzen hasia zen, urtetan guztiz mekanikoa izana zen munduan elektronika sartzen hasia zen: bizikleta elektrikoak, kanbio elektrikoak... Alde horretatik, mekatronikan dugun ezagutzarekin bizikletek dituzten arazoak konpontzen saiatzen ahal ginela ikusi genuen eta Tekniker utzi eta gure aldetik hastea erabaki genuen.  

«Hasieran ez zen gogorra izan baina denborarekin konturatu gara ez dela urte pare batez egiten ahal den zerbait»

Nolakoa izan zen hasiera?
Hasiera ez zen gogorra izan. Bagenekien ideia garatu eta prototipoak egiten ari beharko genuela. Baina denborarekin konturatu gara uste baino gogorragoa dela eta, hasieran pentsatu bezala, ez dela urte pare batez egiten ahal den zerbait. Hala ere, aitzinera egitea izan da beti gure lema eta halaxe egin dugu.

Finantziazioa lortzeko nola moldatu zarete?
Nahiko ongi. Hasieran apustu pertsonala ere egin genuen, gure aurrezkiak horretara bideratuz. Gero, BEAZ enpresaren dirulaguntza lortu genuen eta horrekin segitu genuen aitzinera. Egia da enpresak muntatzeko laguntzak izaten direla baina laguntzetatik lehenbiziko urte pare batean moldatzeko adina lortzen da. Hortik aitzinera izaten diren laguntzak produkzio edo salmenta fasetarako dira. Hortaz, produktua garatzen bi urte baino gehiago behar badituzu airean gelditzen ahal zara. Baina tira, gure kasuan, gerora bertze inbertsiogile batzuk lortu izan ditugu. Zehazki, Basque Fondok emandako babes handiari eta bertze inbertsiogile ttiki batzuei esker aitzinera segitu dugu. Babes horiek Gasteizen bulego bat hartu eta bertze urrats batzuk emateko aukera eman ziguten.
 
Gaur egun zertan ari zarete?
Orain arte prototipoak egiten aritu gara baina dagoeneko bizikletentzako kanbio sistema berria eta horren behin-betiko prototipoa prest dugu. Merkatura begira ere hasi gara eta horretarako anbizio handiko plan bat prestatu dugu: inbertsio handiagoa, bertze bulego batera joateko aukera, irailerako bertze lau lagun kontratatzeko asmoa... Plan hori garatzeko behar dugun finantzazioaren gehiengoa ere lortu dugu, %70-80a. Horretan eta produktua fintzen ari gara. 

Zenbat prototipo egin dituzue?
Prototipo bakoitza indibiduala da, eta guztira hamar bat egin izanen ditugu. Bakoitzaren detaileak ikusi, zertan huts egiten duen ikusi eta hurrengoan hobetzen saiatu... Kontu mekanikoa denez horrek aunitz moteltzen du garapena, bakoitza diseinatu, fabrikatu, muntatu... egin behar delako. Prozesu luzea da. 

«Produktu berritzailea da eta salto handia izanen da»

Zein dira zuen produktuaren berezitasunak?
Bizikletaren aitzineko martxa-aldagailuan jarri dugu arreta, normalean hori delako arazo gehien ematen dituena. Katea platera batetik bertzera mugitzean arazoak sortzen dira, katea tentsiopean dagoelako. Hori saihesteko, katea platera batetik bertzera mugitu ordez, platera bera katearen aldera mugitzea proposatu dugu. Gisa honetara, aldaketa aunitzez ere leunagoa izanen litzateke, energia guttiago kontsumitu luke, eta leunagoa eta fidagarria izateak gehiagotan erabiltzeko aukera eskainiko luke. Bertzetik, kanbio automatikoekin ari gara. Merkatuan kanbio elektronikoak sartuak dira, goi mailako bizikleta guztiek kanbio elektronikoak dituzte, baina oraindik ez du inork lortu kanbio automatiko eraginkorra. Horregatik gure produktuak merkatuan salto hori eginen luke. Guztiz produktu berritzailea izanen da, gure ustez, azken 30 urteotan bizikletaren transmisioan izan den saltorik handiena. 

Zergatik goi mailako bizikletak?
Gure produktuak dituen abantaila teknikoak goi mailako txirrindularitzan nabarmentzen direlako. Bizikletan paseatzera doan batentzat ez da garrantzitsua kanbio automatiko eraginkorra izatea, baina tourra egiten ari den batentzat kanbioak nahi dituenean aldatu ahal izatea abantaila handia izan daiteke, segundo batzuk irabaziko lituzkeelako eta maila horretan segundo bakoitza hagitz garrantzitsua delako. Errendimendua garrantzitsua den mailetan abantaila hori eskain dezakegu. Hortik aparte, produktu hau hagitz teknikoa da, garapen handia duena, eta hasieran, kostu handia izanen du. Hori ordaintzeko prest daudenak ere goi mailan ari direnak dira.
 
Enpresek edo txirrindulari taldeek interesa erakutsi dizuete?
Bai, enpresa handiekin solas egin dugu, baita txirrindulari profesionalekin edo hemen inguruko bizikleta enpresekin ere. Guztiei aunitz gustatu zaie eta aurrerapauso handia izanen dela iruditzen zaie. Baina kolaborazio bila joan garenean, laguntzeko prest daudela erran bai baina ez dute dirua gastatzeko asmorik agertu. Aitzinera segitzeko animatzen gaituzte baina produktua merkaturatzeko prest dagoenean deitzeko erran digute. Hala ere, interes horrek gure produktua merkatura eramateko modukoa dela ikusteko balio izan digu. Orain produktua ongi garatu, merkatura eraman, prezio egokian paratu eta marketin egokia egitea dagokigu.  

Produktua 2022rako merkaturatuko duzue?
Guztia ongi joanez gero, posible izanen da, baina orain arte kontuan hartu ez dugun detaile bat agertuz gero, prozesua gibeleratu daiteke. Halere, helburua 2022an dugu jarria.

Prozesua gogorra izaten ari da?
Esfortzu eta dedikazio handia eskatzen du eta helburua urruti ikusten da. Alde horretatik gogorra da baina aldi berean polita. Guretzat lanean ari garenez eta anbizio handiko helburua dugunez, eramangarriagoa da.

«Hasieran hemen fabrikatuko dugu eta gerora ikusiko dugu»

Non fabrikatuko duzue produktua?
Platerak dira konpetentziarengandik bereizten gaituztenak eta geuk fabrikatu nahi genituzke, gure instalazioetan, hasieran beharbada inguruko enpresa baten laguntzarekin. Produktuaren gainontzeko zatia, hasieran inguruan edo Europa mailan egin nahi dugu. Gerora ikusiko dugu produkzioaz arduratzeko gai izanen garen edo ez. Inbertsioaren arabera beharbada Asiara joan beharko dugu, gaur egun bizikletako produktuen %90 Asian fabrikatzen delako. Baina Asiara bideratuz gero, zailagoa da produktua kontrolatzea. Hasieran behintzat hemen eginen dugu. Gainera, goi mailako produktua izateak ematen dion balio erantsia dela eta, fabrikazio kostu handiagoa onar dezakegu. 

Egungo egoera ekonomikoaren eraginik sumatu duzue?
Ekonomikoki ez digu eragin, oraindik ez garelako jarduera nagusiarekin hasi. Baina falta dugun finantzazioa lortzerakoan sumatu dugu. Martxoan inbertsiogile batzuekin bilerak hitzartuak genituen eta koronabirusak sortu duen egoera honen eraginez, bertan behera utzi behar izan ditugu. Horrez gain, ikusi beharko da lehendik interesa zutenen egoera aldatu den edo ez...

Bide pribatutik edo publikotik lortu duzue laguntza?
Batez ere publikotik. Halako apustu handiak egiteko beldur handiagoa izaten dute pribatuek. Inbertsiogile pribatu aunitzekin solas egin dugu eta ideia gustatu zaien arren, ez dute arriskatu nahi izan. Entitate publikoen babesaz gain, bizikleta munduko afizionatuen laguntza ere jaso dugu. 

Etorkizunera begira zein dira helburuak?
Proiektu hau aitzinera eraman  eta 2022rako merkaturatu nahi dugu. Hortik aitzinera produktu gehiago garatu nahi ditugu, alde batetik, punta-puntako teknologia erabiliz goi mailako produktuak, eta bertzetik, garapen horiek maila baxuagoetara egokitu.

Bertze proiekturik baduzue?
Lehenago bidean gelditu diren bertze proiektu batzuekin saiatu izan gara. Adibidez, bizikleta elektriko baten prototipoa egin eta bere autonomia bortz aldiz handitzea lortu genuen. Azkenean, ordea, ez genuen azken ukitua ematea lortu. Oraingoz hori baztertua dugun arren, aitzinerago, aukera izanez gero, ideia hori eta bertze batzuk berrartzea gustatuko litzaiguke.  

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun