Energia berriztagarriaren eta jasangarriaren aldeko apustua egiten ari da Lesakako Udala

Ttipi-Ttapa 2020ko mai. 27a, 13:01

Argiteria LED sistemara aldatzeko asmoa ere badu Lesakako Udalak. Argazkia: Patxi Iriarte (Foto Zaldua)

Goiener eta Nafarkoop kooperatibetako bazkide egin da eta zenbait proiektu ditu esku artean

Lesakako Udala Goiener eta Nafarkoop kooperatibetako bazkide egin da, udal batzarrean aho batez hartutako erabakiaren ondorioz. Goiener Euskal Herriko energia beharrak modu iraunkorrean eta jasangarrian estaltzeko sortutako kooperatiba da eta Nafarkoopek funtzio hori betetzen du produkzioaren ikuspegitik. Hala jakinarazi digu Mattin Etxabide, Lesakako udal zinegotziak.

Argindarrak lau fase ditu legez: produkzioa, garraioa goi tentsioan, banaketa behe tentsioan eta komertzializazioa. Hauetatik bi daude liberalizatuta, produkzio edo sorkuntza eta merkaturatzea. Kasu honetan, produkzioa Nafarkoopen aholkularitzarekin autokontsumo instalakuntzak martxan jarrita eta komertzializazioa Goienerrek. «Guk bietan sartzeko apustua egin genuen –dio Etxabidek– garraioa eta banaketa, legez  bertze enpresek egiten dute».

Lesakako Udalak kontsumitzen duen energia berriztagarria dela bermatu nahi du, «bat egiten dugu horretan Goienerren proiektuarekin: energia lokala izatea, Euskal Herrian kokatua eta kooperatiba sistemaren bidez».

Dagoeneko, maiatzeko faktura Goienerri ordainduko dio Lesakako Udalak, orain arte Iberdrolari ordaintzen zitzaiona eta aldaketa egitea prozesu erraza izan dela aipatu digu Etxabidek, «ez du inongo konplikaziorik, telefono konpainiaz aldatzea baino sinpleagoa da. Goienerri datuak eman eta beraiek tramitatzen dute aldaketa, inongo arazorik gabe. Bai erakunde bezala, bai partikular bezala egiteko ez dauka konplikaziorik».

 

«Energia berriztagarrien aldeko apustuan erreferentzialak izan nahi dugu eta herritarren artean aldaketa hori bultzatu».

Mattin ETXABIDE, Lesakako zinegotzia

Energia berriztagarrien aldeko apustuan, aitzinera begira bertze proiektuak ere baditu Lesakako udalak. «Erreferentzialak izan nahi dugu eta herritarren artean aldaketa hori bultzatu. Jendeak ikusten badu hemendik urte batera edo bira Herriko Etxea era horretan funtzionatzen ari dela, energia %100 berriztagarria erabiltzen duela eta ez duela arazorik izan eta gainera merkeago ateratzen dela, konfiantza emanen dio», adierazi du Etxabidek.

 

Eguzki-panelak eta LED sistema

Bide horretatik, Lesakako zinegotziaren erranetan, «aztertzen ari gara eta lehen pausuak ematen ari gara, igerilekuan eguzki-panelak jartzeko horrela bertako eta kultur-etxerako energia emateko, eta ahal balitz zahar etxerako. Inbertsioa eginen dugu Nafarkoopen aholkularitzarekin eta hori ere bideragarria dela erakutsi nahi dugu. Gero gardenak izanen gara eta datuak publikatuko ditugu, herritarrek ikus dezaten aldatzen ahal dela, ez duela arriskurik eta positiboa dela ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik».

Lehengo legediarengatik ez zen inondik inora bideragarria norbanakoek eguzki-panelak jartzea, baina egoera aldatu da eta zalantzak argitzeko, horren inguruko aholkularitza, laguntza eta informazio ere eskaini nahi du Udalak, Goienerren laguntzarekin. «Badakigu Lesaka ez dela munduko herririk eguzkitsuena, baina ikusiko dugu horrelako inbertsio bat egitea bideragarria den edo ez, jakin zein laguntza diren…». Lehenbiziko esperientzia, eguzki-panelen bidez hornitutako 5-7 farola Martxanpaita inguruan jartzea izanen da, «hori enkargatua dago, baina gaur egungo egoeragatik pixka bat gelditua dago. Farola hauek jasangarriagoak dira, argi suabe bat izaten dute etengabe eta norbait hurbiltzen denean indartu egiten da. Alde batetik efizientzia hobetzen da eta, bertzetik, kutsadura luminikoa murriztu egiten da, beti ere segurtasuna eta arratsean lasai ibiltzea bermatuz. Gaur egungo sistema ez da batere efizientea, argitasunaren zati handi bat zerura joaten da, galtzen da eta neguan hainbertze orduz argia piztua egoten da, ordu horietan inor ez dabilenean ere. Gaur egungo teknologiarekin argi hori doitzen ahal da». Argiteria LED sistemara aldatzeko asmoa ere badu Lesakako udalak.

Hain zuzen, Herriko Etxeak urrats hori eman ondotik, herritarrak ere pixkanaka animatzea nahi lukete. Alde horretatik, eraikuntza-tasak onartu zituztenean, energia berriztagarriekin egindako obrak edo berokuntza-sistema eguzkiarekin edo egurrarekin dituzten proiektuek tasa murriztua izatea erabaki zuen Udalak.

Biomasa Berako udalarekin elkarlanean

Biomasari dagokionez, Etxabidek dioenez, «bertako egurrarekin elikatu nahi dugu eta Berako udalarekin elkarlana sustatu nahi dugu, horretan hasi gara. Lehengo 2011ko Bilduren agintalditik datorren proiektua da, martxan paratu zen, baina guztiz garatu gabe». Gaur egun, Lesaka eta Berako udalek kontratatutako enpresek egiten dute prozesu guztia eta helburua «autogestionatua izatea eta ahalik eta gehien zabaltzea» litzateke.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun