COVID-19: Elkarrizketak

«Inoizko udaberririk onena espero genuen eta txarrena izan da»

Ttipi-Ttapa 2020ko mai. 28a, 19:00

Xabi ZUGARRAMURDI ALTZURI, Arantzako Aterpea

«Erabat geldirik, lanik gabe eta diru sarrerarik gabe». Bertze toki aunitzetan bezala, halaxe egon dira bi hilabetez eta erdiz Arantzako Aterpean ezohiko egoera honen ondorioz. Itxita bi egoitzatan banatua duten 140 lagunentzako Aterpea eta itxita jatetxea eta ostatua. Eta geldirik urte osoan lanean aritzen diren hamar langileak eta denboraldika hartzen dituzten lauzpabortz hezitzaileak. Asteburu honetan, ordea, jatetxea eta terraza irekiko dituzte.

Martxoaren 12an sumatu zuten lehenbiziko seinalea: «Bilboko talde bat geneukan aterpean eta beraien ikastetxetik dei bat jaso zuten etxera bueltatu behar zutela erranez. Hortik aitzinera asteburu horretan bertan 100 laguneko barnetegi bat ere bertan behera gelditu zen».

Geroztik «erabat geldirik» egon direla dio Zugarramurdik. «Eskolak eta taldeek egindako erreserbak bueltatu behar izan ditugu, ikastetxeetako taldeekin lanean hasi eta ez ditugu bi aste ere egin… Inoizko udaberririk onena espero genuen eta txarrena izan da». Gaineratu digunez, «guretzat eragina izugarria izan da».

Bi hilabete eta erdiko geldialdiaren ondotik, oraintxe hasi dira argi izpi bat ikusten. Hasiera batean, «gure bezeroaren gehiengoa Gipuzkoatik datorrela eta probintziatik probintziara mugitzeko muga horrekin ez genuen irekitzeko aukera handirik ikusten». Orain, ordea, lanerako ilusio eta gogoari eutsiz, asteburu honetan irekitzea erabaki dute: «beharrezkoak diren egokitzapenak egin ondotik, larunbat eta igande honetan jatetxea eta terraza irekiko ditugu».

Kezka, ezjakintasuna eta ziurgabetasuna
Uda garaia lan aunitzeko garaia izaten da Arantzako Aterpean, baina ez dakite aurtengoa nolakoa izanen den: «ez dugu deus garbi ikusten. Uda garaia udaleku eta barnetegi garaia izaten da normalean. Momentuz ez dago egonaldi mota horiei dagokien dekretu edo agindu zehatzik horiek galarazi edo erregulatzeko. %50ean lana egiteko gaitasuna bagenu zenbaterainoko taldeekin izanen litzateke? Oraindik ez dakigu deus».

Ezjakintasunaz gain, kezka ere bai eta «kezka handia» sortzen dio gaiak Zugarramurdiri. Gehiago ere aitortu digu: «egoera larria da eta ez dago batere argi zein bilakaera izanen duen honek epe laburrean». Ondorio ekonomikoa sumatuko duten arren, «eskerrak ez garen hasi berriak eta ez dugun garai batean izan genuen mailegurik!», gaineratu du.

Bertzetik, etorkizuna «ziurtasunik gabea» ikusten du baina badu zientziarengan itxaropena: «uste dut zientziak pausoak emanen dituela eta epe ertainean guztia bere onera nahiko azkar buelta daitekeela». Gainerakoan, administrazioak iragarritako diru laguntzak «zerbait laguntzen» duten arren, «ez dira aski» bere ustez. «Gainera administrazioaren aldetik ERTEen gestioa nahiko kaosa izaten ari da. Gaur egun, oraindik langile batzuk ez dute laguntzetatik sosik ere kobratu».

Txarrenari onena ateratzen hasita, berriz, «inoiz ezagutu gabeko egoerak» bertzelako lezioa eman duela uste aranztarrak: «dena ez dela lana erakutsi digu, kontsumoaren zurrunbilo eroan bizi garela eta tarteka, osasunagatik, gelditzea eta pentsatzea komeni zaigula». Bide batez, «etxeko armairua txukuntzeko ere ongi etorri zait», aitortu digu umoretsu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun