1998an ireki zituen ateak Berako Alkeberea landetxeak: «poliki-poliki hasi ginen». Geroztik, «urte hagitz onak eta ondoko krisia» gertutik ezagutu ditu Errandoneak. Orain, berriz, «buelta ematen hasiak ginela zirudien momentuan», birusak dena hankaz goiti jarri du guztia.
«Abuztuan etxea gelaka alokatzen dugu, eta familia bat baino gehiago egoten dira. Gainera, etxeak zortzi gela eta beraien bainugela duten arren, toki komunak ditu eta horiek egokitu beharko ditugu, garbiketak, gelak… hori guztia gastua da»
Alarma-egoerarekin batera, martxoaren 14ko asteburuan, dena eten zitzaien. Ikusiak ikusi, orain artekoa ez ezik, uztailekoa ere «galdutzat» jotzen du Errandoneak: «uztaileko bizpahiru aste hartuak genituen. Astegunez Baionako mutil batekin lan egiten dugu, bizikleta entrenamenduak eskaintzen dizkien gazteek bertan hartzen dute ostatu. Aurtengoaz solastatu ez badugu ere, galdutzat jotzen dugu. Asteburuetan, berriz, lau gela inguru izaten ditugu…». Orokorrean, «lan gehiago abuztuan» izaten dute eta aurten hala ote den ikustear dago, «beranduago egiten dituzte erreserbak eta hori ikusteko esperatu behar izanen dugu».
Edozein modutan, ateak irekitzeko etxean prestaketak egin beharko dituzte eta horrek ere badu bere kostua: «Abuztuan etxea gelaka alokatzen dugu, eta familia bat baino gehiago egoten dira. Gainera, etxeak zortzi gela eta beraien bainugela duten arren, toki komunak ditu (sarrera, sukaldea, egongela…) eta horiek egokitu beharko ditugu, garbiketak, gelak… hori guztia gastua da».
«Egoera honetan jendeak lehendabiziko utziko duena oporrak izanen dira»
Inbertsioa egin eta etekina ateratzeko bidean, «birusak eragindako beldurra eta ekonomia arazoak» ez ditu lagun ikusten: «egoera honetan jendeak lehendabiziko utziko duena oporrak izanen dira». Dena den, «ateratzen diren horiek hiri handietara jo beharrean mendi aldera jotzea erabakitzea aukera bat izanen litzateke… eta horretan dut esperantza».
Landetxea lan osagarria da beratarrarentzat eta alde horretatik, zorioneko ikusten du bere burua: «etxekoak bakarrik aritzen gara eta ez gara honetatik bizi, kanpoan lan egiten dugu. Laguntza bat da guretzat, baina hortik bizi bagina aunitzez okerrago izanen litzateke».