Egoera guztietara egokituz
Urte horietan gertaturiko aldaketetara egokituz lan egin du Ordokik: «2010era arte astelehenetik ortziralera egun guztian irekita zegoen kiroldegia eta 2010ean ordutegia murrizteko erabakia hartu zen. Horrek langileon bizi-martxa aldarazi zuen». Kudeaketari dagokionez ere izan dute aldaketarik: «lehenbiziko sei urteetan enpresa pribatu baten esku zegoen kiroldegia, ordutik aitzinera, berriz, udalak antolatutako enpresa publiko batek kudeatzen du». Eta langileei erreparatuz «batzuk joan eta bertzeak sartu» egin dira.
Aldaketak aldaketa, inoiz ez du orain artekoaren tankerakorik bizi. Koronabirusa tarteko, «martxoaren 12an udaletik kiroldegia ixteko agindua jaso genuen eta ateak itxita lanean segitu genuen: «erabiltzaileei kiroldegia itxita egonen zela ohartarazteko lanean aritu ginen, kartelak paratu, e-mailak bidali, sare sozialetan jakinarazi…». Martxoaren 30ean, berriz, beharrezkoak ez ziren lantokietara ez joateko aginduarekin batera, bukatu zen afera».
Aurtengo erronka etxean
Bitartean, martxoaren 16an abiatutako erronkarekin segitzeko modua bilatu zuten: «aurtengoa besoak, hankak eta corea lantzeko hiru asteko erronka zen, eta igerilekuko ariketarik ez zegoenez, sare sozialen bidez jarraitu genuen, nahi zuenak etxean egiteko modua izan zezan».
Etxean noiz arte ezin jakinik
Apirilaren 1etik, harreragile, monitore, sorosle eta mantentze-lanetan ari diren 14 langileak «itxuraldatutako langabezian» daude: «lanik gabe gaude, prestazio bat jasotzen dugu. Lehendabiziko sei hilabeteetan soldataren %70 eta hortik aitzinera %50». Oraindik ez dakite noiz arte luzatuko zaien lan erregulazio txosten hori baina dirudienez, «alarma egoerarekin batera bukatutzat emanen da».
«Hilabete eta erdiz etxetik atera ezin izanak naturan eragin ederrak izan ditu eta polita izanen litzateke hori kontuan hartzea»
Pixkanaka fasez faseko normaltasun horretara bueltan, komunikabideetan irakurri duena daki Ordokik: «espazio itxian dauden instalazioen erabilera bigarren fasera gibeleratu beharko dutela irakurri dut, baina ez dut ohartarazpen ofizialik jaso».
Normaltasunera buelta «guttinaka»
Beldurrik ez, baina «urduritasun puntu bat» eragiten dio bueltak: «bizimoduan aldaketa izanen dugu eta halakoetan biluzik bagina bezala sentitzen gara. Kasu honetan ere horrelako zerbait biziko dugula iruditzen zait». Birusa ailegatu aitzineko egoerara buelta «guttinaka-guttinaka» izanen delakoan dago, eta hala ere, mugak izanen direla uste du: «neurri batzuk betetzen segitu beharko ditugula iruditzen zait».
Txarrak utzi, onari eusteko
Epe luzera, berriz, ilunago ikusten du: «egoera honek eragindako ezbeharrak ikusiko ditugu, eta ekonomikoki, leku batean ez bada, bertzean nabarituko da segur aski». Iluntasuna argitzeko, eta bizitakoaz ikasteko proposamena ere egin du: «etorkizuna orain artean ez bezala ikustea nahi nuke, gertatutakoak ondorio positiboak izatea. Ikusi dugunez hilabete eta erdiz etxetik atera ezin izanak naturan eragin ederrak izan ditu eta polita izanen litzateke hori kontuan hartzea». Txar guztiak ona dakarrelako, horri erreparatzeko proposamena egin du: «egoera zailek bizipen positiboak dakartzate, hel diezaiogun horri eta aitzinera!».