Hendaian sortu eta Lesakan bizi den Maddi Ane Txoperena Iribarrenek bere lehen liburua argitaratu du, Ene baitan bizi da’, Elkar argitaletxearen eskutik. Eleberriaren aurkezpen prentsaurrekoa online egin dute gaur goizean. Maddi Ane Txoperenarekin batera, Xabier Mendiguren, Elkar argitaletxeko editorea eta Pantxo Etxegoin, Euskal Kultur Erakundeko zuzendaria izan dira ekitaldian.
Gazteluma Saria jaso du Txoperenaren lanak. Gazteluma literatur sorkuntzarako burtsa bat da, iparraldeko idazle gazteak euskaraz idaztera lehiatzeko asmoz sortua.
Bi urtetarik behin Baionako Elkar liburudendak, Elkar fundazioaren eta Euskal Kultur Erakundeak antolatzen dute. 3.000 euroko dirutza ematen zaio, epaimahaiak hautatuko duen eleberria edo ipuin bildumaren idazleari. Hamargarren edizioa bete du aurten sari honek.
Sinopsia
Aitari zerbait entzunik, amatxiren bizipenen gibeletik abiatzen da Marie, Donibane Lohizuneko gaztea, Parisko ikasketak bururatzeko egin behar duen azken memoria lanerako. Ez zaio erraza suertatuko, ordea, amatxik ez baitio nahi duena emanen, eta mariek berak ere ez baitaki zeren bila dabilen, xuxen… Kutxa batean gotorturiko oroitzapen zatiak balira bezala jasoko ditu irakurleak Josefinaren gazte garaiko amets, pentsamendu eta bizi-minak, Marieren begiradapetik.
Askotariko istorioak gurutzatzen dira Maddi Ane Txoperena Iribarrenen lehen eleberrian: 1950.eko hamarkadan Ipar Euskal Herrian eta Frantzian neskato ibilitako emakumeen errealitateak, lehengo eta oraingo maitasun eta desamodio istorioak, laneko sufrimenduak, gatazka politiko baten ondorengo testuinguru baten ezinak, amatxi-biloba eta alaba-guraso harreman korapilatsuak… Guzia etorkizunaren eta orainaren arteko zubi jolas batean.