Jon Abril: Elebakartasunaren birusa

Xorroxin irratia 2020ko mai. 20a, 12:50

Elebakartasunaren birusa

Ongi aski ezagutzen dugu elebakartasunaren birusa Nafarroan. Aspaldikoa da, hagitz aspaldikoa. Ederki sartua dago gizartearen alor eta maila guztietan. Eta gutti batzuek baino ez dugu horren kontrako txertoaren bila lan egiten. Gizartearen zati handi batek gaitza gainditzeko lanean aritu baino, nahiago du kutsatze-efektuarekin segitzea.

Joan den astean Nafarroako lehendakariordeak Covid-19aren inguruko informazioaren berri eman zuen txio baten bidez, gaztelania hutsez, jakina. Erantzun egin nion, ia euskaldunok ez ote genuen eskubiderik informazio hori euskaraz hartzeko. Berak ez zidan erantzun, baina bai Nafarroako Gobernuaren komunikazioko kontutik, euskaraz, hori bai. Sarean jarritako informazioa ez omen dute itzuli. Telefono bidezko arreta euskaraz egiten dutela erantzun zidaten. To! Internetaren garaiotan, dena online egin behar dugun garaiotan, ez dut eskubiderik euskaraz informazioa idatziz jasotzeko. Ez dut telefonoz deitzeko probarik egin, baina ehundaka aldiz deitu izan dut Nafarroako Gobernuko makina bat telefonotara, eta euskaraz hartu izan didaten aldi bakanetan (Euskarabideko telefonoan izan ezik), mirari bat gertatu izanaren sentsazioa izan dut. Harritzen naiz orain, bat-batean, euskararen birusak kutsatu badu Nafarroako Gobernuaren telefono zentralita.

Eta Nafarroako Gobernuaren praxi berarekin ikusten ditut herriko denda eta ostatu gehienak, euskara erabat desagerrarazi dutenak euren txartel eta oharretatik. Eta berdin Euskal Herri osoko agintariak. EITBk berak erantzun dio Behatokiari informazioa dela garrantzitsuena, jakina, gaztelaniaz ematea. EITBk aspaldi galdu zuen iparra. Koronabirusak uste baino arnasaldi estuagoa utzi digu, betiko moduan, ahulenei.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun