Beratik Lizuniagarako errepideko zatiak moldatu dituzte Errota eta Eraustea inguruan

Ttipi-Ttapa 2020ko mai. 19a, 13:12
Lizuniagarako zenbait errepide zati moldatu badituzte ere, gainerakoak lehen bait lehen moldatzea eskatu du Udalak.

Errepidea erabiltzen duten ibilgailuen joan-etorria izugarri igo da

Azken urteetan Bera herritik Lizuniagako lepora doan errepidean ibilgailuen joan etorria izugarri igo da.  Dantxarinea eta Luzaideko merkataritza gune haundiek behar dituzten hornigaiak eramateko kamioiak errepide horretatik joaten dira, baita bertara lanera doazen langileen ibilgailuak ere. Hauez gain, Zia auzoko bizilagunak egunero errepide horretan ibili behar dute bai oinez nahiz beraien ibilgailuetan.

Honez gain, asteburu eta jai egunetan txirrindulariek ere aunitz maite dute ibilbide hau eta arrisku egoerak eta istripuak maiz bizi ditugu.

Berako udaletik aunitzetan eskatu izan dute errepide honen egoera hobetzea, zati batzuetan egin den bezala bide bazterrak bete eta hormigoiezko kunetak eginez.  

Aurten, azkenean, Nafarroako Gobernuko gure zonaldeko errepideen arduradunek modua izan dute zati batzuk gehiago moldatzeko, kunetak betez eta hormigoizkoak egiteko punturik arriskutsuenetan. Hala nola Errota parean edo Eraustea baserri inguruan. Oraindik zati aunitz falta badira ere Berako udaletik eskertu dute lan hauek egin izana eta gainerako zatiak ere lehenbailehen egitea eskatu dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun