Burlatako David Mirandak atera du Bidasoko Lehenbizikoa

Ttipi-Ttapa 2020ko mai. 18a, 12:25
Bidasoko Lehenbizikoa arrantzatu duen David Miranda eta Berako Ehiza eta Arrantza Elkarteko Lorenzo Jaurena.

4,800 kiloko izokina da, Mugairiko arrain-haztegitik ateratakoa eta oraingoz ez du eroslerik topatu

Arrantza denboraldia ireki den egunean, maiatzaren 18an, astelehenean 09:10ean atera du Bidasoko lehenbiziko izokina Burlatako David Miranda Elizaldek. 4,800 kiloko arraina Villanueva inguruan arrantzatu du, eulia erabiliz, sasoia ireki eta hamar minutura. Mugairiko arrain-haztegitik ateratako izokina da, mikrotxipik gabea. Lehendik ere izokinak arrantzatua da Miranda, bai Bidasoan baita Asturiasen ere, baina Lehenbizikoa atera duen lehen aldia da.

Berako Ehiza eta Arrantza Elkarteko Lorenzo Jaurena presidenteak sariak eman dizkio Mirandari Bidasoko lehen ale harrapatzeagatik, zapela, txalekoa eta oroigarria, baina oraingoz ez du saltzea lortu. Azken urteotan Donostiako Rekondo jatetxeak erosi du, baina aurten, jatetxea itxia dagoela kontuan hartuz, ez du eskaintza handirik egin. «500 euro eskaini dizkit eta prezio horregatik ez dut salduko», aipatu digu David Mirandak. «Bihar arte esperatuko dut eta eskaintza hoberik ez bada, etxean janen dugu, gustura gainera!». Mirandak lehenbizikoa atera eta denbora guttira bigarrena ere atera dute Bidasotik. Oraindik izokin handiagoa izan da, 5,750 kilokoa, hau ere Mugairiko arrain haztegitik ateratakoa eta mikrotxipik gabea. «Izokina bada ibaian, gehiago ere aterako dituzte egunotan», diote.

 

Arrantza denboraldia

Arrantza-denboraldia gaur goizean ireki dute eta izokinei dagokienez, uztailaren 31 arte edo 53. alea atera arte luzatuko da denboraldia.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun